Gaurko osoko bilkuran, Getxoko Udalbatzak onetsi du TAO zerbitzuaren kontratuaren adjudikazioa hurrengo 4 urteetarako –Udalari ordaindu beharreko urtean 305.116 euroko kanonagaz–, eta jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen ordenantzaren aldaketa, Ereaga gune berrirako TAO tarifak finkatze aldera.
Hurrengo udatik aurrera funtzionatuko du gune hori, ekainaren 1etik irailaren 30era arte. Proposatutako tarifa orduko 0,75 eurokoa da, gehienez ere 10 orduz. Hau da, gehienez, egunean 7,5 euroko gehieneko tarifa ezarriko dute, eta 27,99 euro ordaindu beharko dira egoiliar txartelaren truke. 2022rako gainerako TAO gune berrietan jada badagoen tarifa orokorra aplikatuko da.
PPk hiru zuzenketa aurkeztu ditu egoiliar txartelaren truke ordaindu ez dadin, eta % 100 murriztu dadin ibilgailu elektrikoen tarifa, baita % 90 murriztu dadin aipatutako txartelaren kuota azken bi zerga ekitaldietan zehar isunik jaso ez dutenen kasuan. Horiek guztiak baztertu egin dira, Foru Arauak tasetan baimentzen dituen hobariak direlako gaitasun ekonomikoari lotutako irizpide generikoak kontuan hartzen dituztenak. "PPren proposamenek ez dute halakorik eta, beraz, ez zaie egokitzen zergen legeari; ez dira bideragarriak”, adierazi dute udal-arduradunek.
Lokalen egokitzapena
Horrez gain, hasierako onespena eman diote eraikinen beheko solairuetan dauden lokalak etxebizitza bihurtzeari buruzko ordenantzaren zenbait artikulu aldatzeari, Hiri-antolamenduko Plan Orokorrera (HAPO) egokitze aldera. Artikulu horiek kota, aireztapena/isolamendua, esekitokiak eta antzeko ezaugarriak aipatzen dituzte. Helburua da, azaldu dutenaren arabera, udalerriko gune ez komertzialetan lokalak etxebizitza bihurtu ahal izatea erraztea.