Elkarrizketak

Jevo Jevardo: "Gure buruaz gehiago barre egiten ikasi beharko genuke"

Julen Nafarrate 2021ko urr. 4a, 12:01

Bakarlari moduan bere lehenengo lana kaleratu berri du Jevo Jevardo musikari algortarrak. El Reno Renardo taldeagaz ere diskoa kaleratuko du udagoienean.

Heavy musikaren letrek ez dute zertan loturarik izan infernuagaz, Satanegaz edo motorrakaz. Horren adibide argia da Jevo Jevardo musikari algortarra: "Betidanik gustatu zait heavy musika, baina letretan beti entzun ditut gai berberak. Nik beste estilo bat bilatu nahi nuen". Eta zalantzarik gabe, estilo propio hori sortzea lortu du. 2006. urtean El Reno Renardo taldea sortu zuen, bakarlari moduan eta modu anonimoan interneten arrakasta lortu ostean. Gaur egun, freak metal estiloaren erreferente nagusietako bat da: "Saiatzen naiz bizitza umore puntu bategaz bizitzen. Geure buruaz gehiago barre egiten ikasi beharko genuke, eta ingurukoez ere bai!". Eta hori El Reno Renardoren letretan nabaritzen da: "Egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzez edo nahi dugunaz hitz egiten dugu, adibidez, autobus batean kakapirria izateaz".
Freaky etiketagaz arazorik ez duen arren, ez du bere burua guztiz identifikatzen horregaz: "Ez dut Star Wars hamaika bider ikusi, ez naiz Star Trek zalea, ez dut gustuko manga edo anime, ez dut Pakistango zinea jarraitzen... baina tira, ez digu axola".

Bakarlari moduan bere lehenengo lana kaleratu berri du, Todo mal izenburupean: "Kasu honetan, apur bat aldarrikatzaileagoa izan naiz, probokatzaileagoa, eta musika gogorragoagaz". El Reno Renardogaz ere diskoa kaleratuko du udagoienean, El mundo se va a la mierda, baina, momentuz, ez dute kontzerturik eskaini nahi izan: "Osasun-krisia hasi zenetik ez dugu kontzerturik antolatu. Ez dugu zuzenekorik eskaini nahi izan publikoa eserita dagoen bitartean. Zorionez, taldekide bakoitzak bere lana du, eta ez dugu diru horren beharrik, nahiz eta hipoteka ordaintzeko lagungarria izan". Abenduan ipini dute lehenengo hitzordua Bilbon, esperantzaz: "Espero dugu kaña batzuk hartzen zuzenekoaz gozatu ahal izatea!". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun