Elkarrizketak

Ibon Larrinaga: "Boxeolari guztion ametsa da Munduko Txapelketan borrokatu ahal izatea"

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 7a, 12:08

Ibon Larrinaga itzubaltzetarrak entrenatu ditu Lejarraga eta Suarez.

Joana ‘Nany’ Suarez eta Kerman Lejarraga eta boxeolarien entrenatzaile da gaur egun Ibon Larrinaga itzubaltzetarra, eta biak Europako txapeldun izatea lortu du.

Goi mailako boxeoan borrokalari gisa jardun eta gero, punta-puntako boxeolariak prestatzen dabil orain Ibon Larrinaga itzubaltzetarra; Joana ‘Nany’ Suarez eta Kerman Lejarraga borrokalarien entrenatzailea da, eta abuztu-irailean biek Europako titulua eskuratzea lortu du, minimoska eta superwelter kategorietan, hurrenez hurren.

Garaipen biak etxeratu ondoren, Larrinagak aitortzen du "erantzukizunez" heldu diola erronkari, orain arte prestatu dituen borrokalariak amateurrak izan direlako. Zazpi urte eman ditu entrenatzaile, eta azken urteetan prestakuntza lanak borrokakaz tartekatu ditu. Orain, baina, bi kirolarion etorkizuna prestatzeari heldu dio, "prest ikusten nuen nire burua halako pausoa emateko, urte asko entrenatzen eta ikasten daramatzadalako. Baina, egia esan, bertigo apur bat ematen zidan", dio. Izan ere, bi boxeolariak ditu lagun, eta haien garaipena ala porrota bere ardura zelakoan, "presio gehiago sortzen zidan. Lagun eta profesional moduan ondo jardun nahi nuelako".

"Oso pozgarria da zure borrokalari batek gauza handiak lortzea; eta lagunak direnean, are gehiago"

Suarezek iragan abuztuaren 28an jantzi zuen gerrikoa, eta irailaren 12an Lejarragak. Aste bitan, titulu bi. Balorazio ezin hobea egin du itzubaltzetarrak bere kirolariek lortutako emaitzakaz: "Oso pozik nago egindako lanarekin; eskatu diedan guztia eta gehiago eman dute borroketan". Ildo horretan, burua hotz, eta bere lekuan izatea gakoa dela dio entrenatzaileak. "Fisikoaz eta boxeoaz aparte, burua oso garrantzitsua da. Borroka guztiz kontrara jar daiteke, edo galtzen hasi. Burua ondo kokatuta edukiz gero, baina, egoera irauli dezakezu. Hori da gakoa".

Behin Europako titulu biak gordeta, horiek defendatu eta, ahal izatekotan, Munduko Txapelketara salto egitea espero dute hirurek. "Boxeoan gabiltzanok, berton sartzen garen momentutik gure ametsa Munduko Txapelketan borrokatzea da. Eta hori da helburu nagusia". 

Uneotan, Suarez eta Lejarragaren prestatzaile den bitartean, Larrinagak ezin izango du borrokatu. Hala ere, ez du baztertzen ringera igotzea berriro: "Adrenalina puntu hori faltan botatzen dut". 

Kerman Lejarraga, Ibon Larrinaga eta Joana 'Nany' Suarez. © IBON LARRINAGA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun