"Geltokiko Hiri-basoa" izeneko proposamena izan da bozkatuena Areetako Xake plaza eraberritzeko

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 3a, 13:33

Areetako Xake plaza birmoldatzeko hiru proposamenetatik gogokoena bozkatzeko tartea egon da egunotan, eta, emandako 2.822 boto baliodunetatik, 2.181 lortuta, "Geltokiko Hiri-basoa" izenekoa izan da hiru proiektuetatik bozkatuena. Horien ezaugarri nagusiak hainbat euskarritan erakutsi dituzte, baita plazan bertan ere.

Proposamen horrek plaza bera herriaren erdigunean "birika berde" bat bihurtzea planteatzen du, % 46,2ko lorategi- eta zuhaitz-eremuagaz. Gauzak horrela, eremuaren azalera berdea handituko dute, lorategi-eremuak jarrita, ibiltzeko eta egoteko guneakaz. Gainera, anfiteatro natural moduko bat jarriko dute, topaleku modura edo bestelako jardueretarako baliagarria izango dena, arduradunek azaldu dutenez. Era berean, inguruko irisgarritasuna hobetu, iturria eta pergola kendu, egoteko gune estali berri bi jarri eta umeentzako jolas-eremuan estaldura-azalera handi bat jarriko dute. Halaber, gune hori trafikotik babeste aldera, 25 aparkaleku kenduko dituzte.

Azaroan zehar aurkeztuko dute proposamen irabazle hori, Areetako Kale Nagusia kalea (Xake plazatik Santa Ana etorbiderainoko tartean) erdi-oinezko bilakatzeko proiektuagaz batera. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun