Orobat, emakumeak artearen munduan duen papera aldarrikatzen du, bere obra esploratuz, museoak eta erakundeak egiten ari diren apustuari esker, arte-irudikapen desberdinetan duen papera berreskuratzeko. Grina hori ikasleei eta lagunei transmititzen zaie, irakaskuntzaren berezko osagarri gisa.
Zein izan da zure ibilbidea Artean?
Arte Ederretako lizentziatura amaitu ondoren, eskulanak eta dekorazio-pintura irakasten hasi nintzen Artezaleren lokalean, garai hartan bolo-bolo baitzegoen. Horretaz gain, grabatu-eskolak ematen nituen, teknika grafikoak hain justu, karreran nire espezialitatea zena, Getxoko Kultur Etxeak antolatutako udal-tailerretan. Era berean, Uribe Kosta Elkartean (gaur egun Gaude izena du) gaitasun bereziak dituzten pertsonei marrazketa eta pintura eskolak ematen nizkien. Artezaleko nagusiak erretiroa hartu zuenean, akademiaren ardura hartu nuen, eta Artezaleko eskola guztiak batu nituen: astean zehar margolan eta marrazkia heldu eta umeentzat, eta larunbatetan Gaude Elkarteko kideentzat.
Hala eta guztiz ere, grabatu eskolak 25 urtez eman ondoren, utzi egin nuen azpiegitura faltagatik. Izan ere, grabatuak azidoekin lan egitea dakar, ke-irteerak behar dira, etab. Azkenean, pintura-klaseetan zentratu nintzen funtsean, horretarako baitago prestatuta lokala eta, gainera, halaxe eskatzen du jendeak.
Nolakoa da Artezalera datorren erabiltzailearen profila?
Askotarikoa da. Astegunetan, batez ere, olio-eskolak izaten dira. Larunbatetan, akuarela nahasia teknika mistoarekin, akrilikoa, pinturak, errotuladoreak... Daukadan ikaslearen profilaren arabera lan egiten dut. Esaterako, ez dut larunbatetako olioarekin lan egiten, oso teknika konplikatua delako. Izan ere, koloreak eta gainerako erremintak garbitzea konplikatuago egingo litzaieke. Azken batean, bilgune giro on eta, aldi berean, ikasteko leku izatea da helburua.
"Argi dago zaletasunak bultzatzen dituztela etortzera, baina harremanak izateko modu aproposa ere bada denontzat"
Batez besteko erabiltzaile-adinik ba al dago?
Ez bereziki. Oro har, erretiratuak eta lehenago egin ez duten teknika bat egin nahi duten gazteak. Argi dago zaletasunak bultzatzen dituztela etortzera, baina harremanak izateko modu aproposa ere bada denontzat. Azken batean, leku guztietako jendea etortzen da. Gehienbat, Bilbo, Sopela eta Barakaldokoak, baina gehienak Getxokoak dira.
Ikasleek ba al dute aldez aurreko ezagutzarik?
Denetarik dago. Alde batetik, bere bizitzan pintatu ez duen jendea dago, eta zerotik abiatzen dira. Kasuotan, nik ikusten dut zenbateraino exijituko diedan, bakoitzarekin noraino irits zaitezkeen baloratuz. Izan ere, ni pertsonetara egokitzen naiz; ez naiz inor niregana egokitzen saiatzen. Horretarako, nik galdetzen diet zer egin nahi duten eta zer helburu dituzten, eta horren arabera aukeratzen ditugu gaiak.
Nolatan larunbatetako taldea?
Lagun pedagogoa dut garai hartan Uribe Kosta Elkartean lan egiten zuena, orain Gaude izena duena. Asteburuetan aisialdiko jardueraz arduratzen zen. Orduan, gaitasun bereziak dituen gazte-talde bati eskolak emateko prest egongo ote nintzen galdetu zidan. Hasi eta gaur arte; hau da, ia-ia 30 urtez.
Nola hartzen dute jarduera?
Egia esan, oso ondo. Oso pozik datoz denak. Azken finean, gustura egotea, beren artean elkar eragitea eta ikasten duten bitartean jarduera inklusiboa egitea da kontua.
"Azken finean, gustura egotea, beren artean elkar eragitea eta ikasten duten bitartean jarduera inklusiboa egitea da kontua"
Diziplinatuak dira?
Gehienak oso. Beti dago marmartiren bat nekatuta dagoela esaten dizuna. Baina, oro har, heldu bezain laster sartzen dira gaian. Pandemiaren aurretik edozertarako arduradunak nituen: edalontziak urarekin jartzea, xaflak denentzat banatzea, pintzelak banatzea, etab. Bakoitzak funtzio bat zuen, eta gauzak erloju bat bezala funtzionatzen zuen. Konfinamenduaren ondoren, nik berrantolatzen dut dena, inork ezer ukitu ez dezan. Horretarako, lehenago etorri eta dena kudeatzen dut. Orduan, iristen direnean, behar duten guztia dute mahai gainean, eta ez diet ia mugitzen ere uzten. Baina, hala ere, oso ondo portatzen dira denak. Nabari da pozik daudela; inork ez du eskola huts egin-eta.
Trebetasun batzuk eskatzen dituen jarduera da?
Bai eta ez. Denek margotu dezakete, baina guztiek ezin dute gauza bera margotu. Lasaiagoa bazara, gai zehatzagoak margotu behar dituzu, denbora eta dedikazio gehiago eskatzen dutenak. Baina, pertsona urduria bazara, keinuzko pinturak behar dituzu, kolore gehiago dutenak, adierazkorragoak. Orduan, jarduera pertsonen prototipoaren eta lan-kargaren mende dagoela esango nuke.
Pinturak sormena sustatzen du?
Talde guztietan daude pertsona sortzaileak eta sortzaileak ez direnak. Batzuei paper edo xafla zuri bat jartzen diedanean nahi dutena adierazteko, zuriz geratzen dira. Larritu egiten dira. Hori ez da helburua. Ez horixe! Gustura egotea eta ondo pasatzea baino. Beraz, aurrean dudan ikaslera moldatzen naiz.
Ikasleen lanak ikusgai jarri al dira?
Larunbatetako taldeak urtero egin du erakusketa; pandemian izan ezik. Romoko Kultur Etxean hasi ginen, baina gero jarraitu genuen Bilbon, Atxuriko geltokian, Berangon, eta Algortako kultur etxean. Hamaika antolatu dira. Hau guztia Gaude Elkarteak kudeatzen du. Beren bulegoetatik, dagozkien entitate eta erakusketa-aretoekin kudeatzen dituzte erakusketa-datak, eta gauza bera egiten dute mota guztietako jarduerekin. Bestalde, teknika grafikoei buruzko eskolak ematen nituenean, erakusketak ere egiten genituen urtero. Hala ere, olio-taldeekin bakarra egin dugu, oso zaila baita erakusketa-aretoetara iristea. Itxaron-zerrendak oso luzeak dira, talde oso espezifikoa ez bazara behintzat, eta orduan hori beste bide batzuetatik doa. Diru-laguntza edo laguntzaren bat jasotzen baduzu, udaleko erakusketa-aretoak eskuragarriagoak daude. Bestela, oso konplikatua dago.
Uste duzu gizarteari, oro har, arte-kultura falta zaigula? Hala bada, zergatik?
Bai. Kultura asko falta da. Pintatzen duen jende asko ez da normalean erakusketetara joaten; figuratiboan geldirik geratzen dira. Askoz jota Inpresionistengana iristen dira. Orduan, eskolekin batera, erakusketa-mundu baterantz eramaten saiatzen naiz. Museoetara edo aretoetara joateko aholkatzen eta animatzen dut, edo margolari baten bizitza eta lana erretratatzen duten film batzuk ikusteko, haren artea ulertzeko, edo, besterik gabe, berez balio artistikoa duten filmak ikusteko.
Arte-galeriak baztertuta daudela uste duzu?
Hemen, Getxon, adibidez, bai; eskasak dira. Bilbon, ostera, zerbait hobeagoa da egoera.
"Galeriak jarduera pribatuak dira, eta, seguruenik, Getxon ez dira oso errentagarriak. Jendaurrean beste ekimen batzuen aldeko apustua egiten da, hala nola Getxo Arte, Komiki Aretoa edota Getxophoto argazki jaialdia"
Zer dela eta, zure ustez?
Galeriak jarduera pribatuak direlako, eta, seguruenik, Getxon ez direlako oso errentagarriak. Jendaurrean beste ekimen batzuen aldeko apustua egiten da, hala nola Getxo Arte, Komiki Aretoa edota Getxophoto argazki jaialdia. Galerien mundua zailagoa da bildumagileak behar dituelako. Zergatik? Galeria handi bat mantentzeak kostu, lokal eta mantentze-gastu asko dakartza. Orduan, artista askok interesa izan dezakete erakusketak egiteko, baina beti egongo da galeria horrek duen bezero-merkatuaren mende. Beste mundu bat da.
Zer deritzozu Art-Street delakoari, grafititik horma-irudi handietaraino?
Grafitia izugarri gustatzen zaidan mundua da. Ez dut bereziki praktikatu, nahiz eta egia den unibertsitateko lagun pare batek deitu ohi nauela interesgarriren bat aurkitzen dutenean. Adibidez, Lutxanako geltokian, Algortan edo edonon. Orduan, grafitiak ikustera joaten gara, eta argazki batzuk ateratzen dizkiogu elkarri. Beigra, orain Instagramen aurkitu berri dudan baten atzetik nabil eta izugarria dela iruditzen zait. Algortako tipoa da.
Ez zara Pablo Astrainez arituko, ezta?
Bai, jakina. Liluragarria iruditzen zait egiten duena. Areetako Geltokiko plazako horma-irudia birmoldatzeko agindua eman diezaiokete. Caché asko emango liguke!
"Grafitia guztiarekin nahasten da. Baina ez da gauza bera pintada politiko aldarrikatzaile bat edota espontaneo baten zirriborro bat eta benetako grafiti bat, benetako artelan bat izan daitekeena"
Ideia zoragarria, gure Udalari proposa geniezaiokeena. Hainbat sari irabazi ditu, eta uste dut Berlinen egon dela duela gutxi, eta hunkitu egiten duela...
Ez dut pertsonalki ezagutzen. Ez dakit nor den. Baina Instagramen jarraitu nionetik ezagutu dut bere obra eta berak jarraitzen dituen beste batzuena. Eta noski, oso ondo dago hain sormen handiko jende berria ezagutzea. Lagunek Berangon duen bati buruz hitz egin didate eta hortz luzeak jarri dizkidate; ikustera joateko gogoa dut. Beraz, lokalizatzera eta gozatzera joango naiz.
Egia da, garai batean grafiti-lehiaketak antolatzen zirela, eta ekimena oso interesgarria zen. Getxon eta Erandion egiten zen deialdia. Gertatzen dena da jendeak ez duela hori estimatzen. Grafitia guztiarekin nahasten du. Baina ez da gauza bera pintada politiko aldarrikatzaile bat edota espontaneo baten zirriborro bat eta benetako grafiti bat, benetako artelan bat izan daitekeena.
Atsegin duzu Banksy, ezta?
Pilo bat. Madrilen antolatu zen erakusketara joan nintzen, eta Londresen ere ikusi nuen bere lana. Gustatuko litzaidake Bansky egun batean hona etortzea eta horma-irudi bat margotzea edonon. Izugarri gustatu zitzaidan Exit Through the Gift Shop filma, 2010ekoa.
Bilbo Zaharreko horma-irudi handien harira, batzuk polemikoak izan arren, zer deritzozu horri?
Niri gustatzen zaizkit, baita polemikoak ere. Kontuan izanik pintura guztia ez dela mundu guztiaren gustukoa. Artea, batez ere, adierazpen-askatasuna da. Horma-irudi batzuk enkarguz margotzen dira, eta segun nork agintzen dizun, eskatzen dizuten horretara egokitu behar duzu. Ez da beti denen gustukoa.
Komiki Aretora joan zinen?
Bai. Beti aprobetxatzen dut hemen inguruan antolatzen den guztia ikusteko.
"Komikiaren artea marrazkian oinarritzen da, komikiak kontatzean. Pinturak beste hizkuntza bat du"
Hobeto ulertzen al da marrazkilariaren artea margolariarena baino?
Denetarik dago. Komikiaren artea marrazkian oinarritzen da, komikiak kontatzean. Pinturak beste hizkuntza bat du. Desberdina da. Ez da publiko bera komikiak kontsumitzen dituena eta arte-galerietara joaten dena ere. Batzuetan bai, baina ez du zertan bat etorri.
Zure ustez, Arteen historia lantzeko hitzaldi eta tailer gehiago egon beharko lirateke, margotzeko, zizelkatzeko, marrazteko... osagarri gisa?
Beno, curriculumean sartu beharko litzatekeen hezkuntza-lana ere badela uste dut. Ikastetxe edo institutuetan, adierazpen plastikoak bigarren mailako eginkizuna izan du beti, hala nola gorputz heziketa edo erlijioa; hau da, “maria bat”. Orain, behintzat, Arte-batxilergoa aukeran dago, eta lorpen handia da. Baina lehen, gaia pixka bat gustatzen bazitzaizun, egiten zenuen edozerekin bostekoarekin onartzen zintuzten eta esaten zizuten honetatik ez zarela biziko...
"Hemen, artetik bizitzeko, beste lan alternatibo bat eduki behar da, diru-sarrerak emango dizkizuna, kasu gehienetan"
Bizi daiteke pinturatik?
Obra egitea oso zaila da. Gainera, uste dut ez gaudela leku egokian. Bartzelona edo Madril bezalako hiri handietan mugitzen bazara, non beste kontsumo mota bat eta beste pizgarri batzuk dauden, agian bai. Hemen, hortik bizitzeko, beste lan alternatibo bat eduki behar da, diru-sarrerak emango dizkizuna, kasu gehienetan. Baina margolari, eskultore, argazkilari, marrazkilari eta abarren lana zaila da. Gainera, jarduera garestia da erabiltzen den material motagatik.
Zein da zure espezialitatea?
Gaur egun, pintura. Lan grafiko asko egin ditudan denboraldiak ere izan ditut. Beste batzuk, ostera, margotu egin dut. Baina normalean ez dut irakaskuntzarekin batera egiten, arrazoi argi batengatik, ez baitit astirik ematen. Bestalde, argazkilaritza izugarri gustuko dut. Adibidez, atsegin dut argazkiarekin esperimentatzea, enkoadraketa eta aukera berriak bilatzea.
Zein dira zure onarpen ofizialak?
Foru Aldundiaren beka bat jaso nuen urtebetez obra egiteko. Sariren bat eta selekzioren bat ere lortu nuen Bizkaiko Artean eta Ertibil Bizkaian. Kanpoan, ordea, Cadaqueseko Miniprintean eta Caja Madrilgo Arte lehiaketa batean. Gainera, Madrilgo Liburutegi Nazionalean dut obra. Hau guztia lortu nuen duela urte batzuk. Azkenaldian, berriz, ez naiz ezer mugitzen ari.
"Artearen merkatua ez da batere eskuzabala izan emakumeekin"
Zein da bisitatu duzun azken erakusketa?
Alice Neelen Guggenheim Museoko pintura erakusketa ikusi dut. Piloa gustatu zait. Orain apustu garrantzitsua egiten ari gara emakumeak arte-irudikapenetan duen papera berreskuratzeko, artearen merkatua ez baita batere eskuzabala izan emakumeekin. Orduan, emakumeen lanak erakusten direnean, esploratzera joatea gustatzen zait, oso ezezagunak izaten direlako.
Nolakoa da artista baten etxea?
Nahiko normala, nire lagunek kontrakoa dioten arren. Koadro dezente daude, noski, handiak ere bai. Ia denak nik margotuak. Nire aurreko etxean ikasleen koadro gehiegi nituen hormetan. Orduan, horror vacui etxea zirudienez zehaztu egin behar nuela esan nion neure buruari, eta orain, bai, etxean denetarik daukat, egin ditudan eskulturak, koloretsu eta askotariko apaingarriak, baina, batez ere, koadroak.