Azaroaren 29an aurkeztuko dute Getxon "Yauri Etxalde" dokumentala

Iker Rincon Moreno 2021ko aza. 10a, 11:47

Pello Seron Esnal eta Unai Zaballa Clares getxoztarrek zuzendutako Yauri Etxalde izeneko dokumentala aurkeztuko dute azaroaren 29an Muxikebarri Antzokian. Bost egunez, hamar emanaldi eskainiko dituzte, eta, guztien ondoren, horiekaz solasean aritzeko aukera egongo da; abenduaren 3an, gainera, dokumentaleko protagonistak diren Beñat Bilbao eta Juanan Zabala baserritarrak ere egongo dira proiekzioan.

Dokumentalak tradizioa eta modernitatearen arteko lotura aurkeztu gura du, Getxoko Yauri etxaldean azken hamarkadetan bizitakoaren bitartez. Egileek azaldu dutenez, Juananek, mendez mende transmititutako eta berak jasotako ezagutza partekatu dio Beñati, eta honek, bere aldetik, gauzak egiteko modu berriak eraman ditu etxaldera. Lehenengoak 68 urte eman ditu bertan animaliak hazten eta lurra lantzen, baserrian murgilduta; hala ere, orain, erretiroa hartu eta Beñat hasi da bertan lanean, 34 urteko gazte kaletarra. "Elkarrekin, eta inguruetako umeen laguntzarekin, tradizioa eta modernitatea lotuko dituzte, galtzear dauden bizimodu eta Getxoko euskara XXI. mendera ekarriz". 

Dokumentala Lekeition aurkeztuko dute aurrenekoz, azaroaren 20 eta 28 bitartean egingo den 44. Euskal Zine Bileran. Hala ere, hilaren 29an, astelehenean, Getxoko Muxikebarri Antzokian ere estreinatuko dute. Bost egunez, hamar emanaldi eskainiko dituzte bertan, euskaraz, baina euskarazko eta gaztelerazko azpitituluakaz, egunaren arabera. "Jende guztiarengana heldu nahi dugu", diote egileek.

Zuzendari biakaz elkartu da HIRUKA, eta azaroaren 25ean argitaratuko dugun zenbakian haien elkarrizketa argitaratuko dugu. Adi ibili!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun