Nondik dator elkarrekin komiki bat egitearen ideia?
ALEX ORBE: Algortakoak izateagatik ezagutzen genuen elkar, eta aurretik liburu ilustratu bat egiteko proiektu batean lan egin genuen elkar Unaik eta biok. Berak istorioa idatzi zuen, eta, berak eskatuta, nik marraztu nituen irudiak. Kasu horretan, bakoitzak bere aldetik egin zuen lan eta, emaitza ikusita, nik proposatu nion komiki bat egitea.
Zein izan zen lehenengo lan hori?
UNAI ELORRIAGA: Begiko argitaletxearen Erraldoiek ez dute lagunik jaten. Etxe horretako lehenengoetako lan bat izan zen, eta niri eskatu zidaten egitea. Istorioa idatzi eta galdetu zidatenean ea nor nahi nuen ilustratzeko, duda barik, Alex esan nuen. Arduradunek pozez hartu zuten proposamena, berarekin aurretik lan egin zutelako. Ondoren, komikia egitea proposatu zidanean, hasiera batean, esan nion ez nuela nire burua ikusten horretarako, inoiz ez nuelako halakorik egin. Baina, azkenean, animatu ninduen.
A.O.: Konfiantza osoa nuen berarengan. Komikiak irakurtzen ditu, eta istorioak kontatzen daki. Azkenean, medio batetik bestera aldatzea ez da horren zaila horretara ohituta dagoen batentzat, eta hala erakutsi du.
Zenbat behar izan duzue proiektu berri hau egikaritzeko?
A.O.: Urte eta erdi, baina, egia esanda, sei hilabete eman ditugu bakarrik buru belarri. Izan ere, pandemia tarteko, ezinezkoa izan zaigu den-dena jarraian egitea.
U.E.: Bai, hori da. Pandemia hasi aurretik hasi ginen hitz egiten, eta ordutik denboratxoa pasa da. Lehenengo zirriborroa 2020ko urtarrilerako egina nuen, eta martxorako orri batzuk geneuzkan.
"Behin amaierara helduta, irakurle askok berriro irakurri behar izaten dute komikia, osorik, irakurritakoaren mezua ulertzeko edo hausnartzeko. Baina ez dago interpretazio bakarra, istorioak gauza asko iradokitzen ditu-eta"
Zelakoa izan da prozesua?
U.E.: Nik, izatez, ez nekien zelan heldu egitasmoari. Hasieran, sinopsi txiki bat egin nuen Alexek jakin zezan istorioaren nondik norakoak; ondoren, eszenak antolatu nituen, eta, azkenik, horiek binetetan banatu nituen. Horixe izan zen niretzat zailena. Izan ere, aurreneko pauso biak edozein kontakizunetan egin ohi dira, baina binetetan, zehazki, zer agertu behar zen zehaztea... Ez nuen nire burua gai ikusten hori egiteko; oso arraro egin zitzaidan, baina, apurka-apurka, lortu nuen. Esandakoaren zirriborroak bidaltzen zizkidan Alexek, eta nik buruan nuenaren berdin-berdina bueltatzen zidan. Prozesu oso polita izan da.
A.O.: Ni oso formala naiz; gauza bat eskatu eta horixe marrazten dut, edozer gauza izanda ere. Komiki asko egin izan ditut, eta erraza egiten zait moldatzea. Baina, egia esan, Unairen gidoia oso ondo egokitu da medio honetara.
Istorioari dagokionez, zer kontatzen du komikiak?
U.E.: Laburbilduz, aita, ama eta alabak osatzen duten familia txiki batean, ama desagertzen da. Inork ez daki non dagoen, ezta zergatik joan den ere. Aitak eta alabak ez dakite ezer, baina bere zain gelditzen dira, eta, azkenean, bere bila hasten dira. Amaren ez egoteaz, familiaz, gaixotasunaz, lanaz... Guztioi dagozkigun gaiez hitz egiten da horretan, eta edonork irakur dezake, baina, izatez, ez da umeentzako komiki bat.
Istorioak kapa ezberdinak ditu, eta irakurle batzuk guztietara helduko dira; beste batzuk, aldiz, ez horrenbeste. Bakoitza heltzen denera arte gozatuko du. Izan ere, komikiak askotariko gauzak iradokitzen ditu, eta ez du aurreikusten dena erakusten. Aditzera ematen ditu hainbat kontu, baina interpretazioak askotarikoak izan daitezke.
Zuri, Alex, zer iradoki zizun irakurri zenuenean?
A.O.: Lehenengo zirriborroak harritu ninduen. Baina, noski, hausnartu ondoren, ulertu egin nuen. Hasieran, irakurle askori gertatzen ari zaien bezala geratu nintzen; amaierara iritsi eta berriro irakurri behar izan nuen komikia goitik behera.
Esan ohi dudan bezala, nik ideiak irudikatzen ditut irakurleek dekodifikatuta ikus ditzaten nolabait, baina, hala ere, komiki honek sorpresa puntu hori gorde eta interpretatzeko askatasuna mantentzen du.
Azken finean, hausnarketara bideratzeko gaia aurkeztu duzue, ezta?
U.E.: Bai, horretarako da amaiera; kontzientziak esnarazteko. Musean bezala, bi final mota daude: heriotza gozoa deritzona, hau da, puntuz puntu, pixkanaka, aurreikus daitekeena; eta hordagoa, zuzenean eta oharkabean harrapatzen zaituena. Kasu honetan, bigarren hori da; irakurleek ez dute espero, eta, askotan, berriro irakurri behar izaten dute.
Joan den irailaren akabuan Getxon egindako Komiki Azokan aurkeztu zuten Unai Elorriagak eta Alex Orbek Jarraitu inurriari izeneko komikia. Edozein liburu-dendan eros daiteke hori, baina, adi: Zozketak atalean eurek sinatutako ale bat zozkatuko dugu!