Getxoko Emakumeen Etxearen programa definitzeko talde-lanaren prozesua martxan jarri dute

Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 06:32

Getxoko Emakumeen Etxea izango denaren funtsezko gaien inguruan hitz egiteko lan kolektiboko prozesu bat jarri du abian Udalak, hausnartzeko, partekatzeko eta lan egiteko gune bat sortzeko asmoz. 2017an egindako hausnarketari jarraipena eman gura diote, eta etorkizuneko etxearen oinarrien definizioa sakondu, udalerriko hainbat begiradatako emakumeakaz elkarlanean, Legegintzaldiko Planean agertzen den gunea egokitzeko eta Etxea Benturillenako udal-lokalean abian jartzeko konpromisoa betetzeko, arduradunek azaldu dutenaren arabera.

Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez, “Emakumeen Etxeak udalerriko emakume guztientzako topagune feminista izan nahi du, inklusiboa, getxotar guztientzat eta, prestakuntza-, sozializazio- eta topaketa-jardueren bidez, emakumeen ahalduntze sozio-politikoaren alde lan egingo duena. Erronka da etxea modu kolektiboan eraikitzea, udalerriko aniztasuna ordezkatzen duten eta askotariko begiradak dituzten emakumeen parte-hartzearekin, hau da, espazioak izango dituen lan-ildoak zehazten lagunduko dutenekin. Etxea Benturillenako udal-lokalean kokatuko dugu, 400 metro koadro baino gehiagorekin”.

Emakumeen talde eragilea

Udaleko Berdintasun Zerbitzuak bultzatutako prozesua 25/30 emakumek osatutako talde eragile baten sorreragaz hasiko da, intersekzionalitate-irizpideei jarraituz, "Getxoko emakumeen aniztasuna islatu nahi duena, Etxeak askotariko begirada, interes eta nahiei erantzun ahal izan diezaien". Horretarako, ahalegina egingo dute taldean emakume desberdinek parte hartzeko, adin, sexu-orientazio, dibertsitate funtzionala, lan ordaindua eduki eta etxean lan egiteari dagokionez… baita auzo guztietakoek, euskal hiztunek, elkarteetako kideek edo ez, eta prestakuntza-maila desberdinekoek, hainbat eremu espezifikotakotakok (kirola, kultura, enpresa, osasuna, hezkuntza) ere.

Talde horretako kideek sormeneko lau tailerretan parte hartzeko konpromisoa hartuko dute, prozesuaren funtsezko hurrengo edukiei heltzeko: definizioa, zerbitzuak, edukiak, antolaketa, kudeaketa-eredua eta izena. Tailerrak bi ordukoak izango dira, urtarrilean eta otsailean, eta berariazko tailerragaz aberastu ahal izango dira. Tailer horietatik aterako da Getxoko emakumeak elkartzeko etorkizuneko erreferentzia-lekua. Bertan, egungo Jabekuntza Eskola izateaz gain, emakume getxoztarrek kolektiboetan eta sareetan parte hartzea eta antolatzea ahalbideratuko du tokiak baita kontzientzia feminista sustatzea ere.

Benturillenako udal-egoitzan

Udalak, hainbat aukera aztertu ondoren, Emakumeen Etxea Benturillenako udal-egoitzan (Benturillena kalea, 17) kokatzea aurreikusten du, zinegotziaren iritziz, “horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen baititu. Oso espazio zabala da, Emakumeen Etxerako programa handi bat ahalbidetuko diguna. Ondo kokatuta dago, Bidezabal metro geltokitik oso gertu, eta udal-titulartasunekoa izateak obrak ekitaldi honetan egin ahal izatea ahalbideratuko du, Getxoko emakumeek eskatutako ekipamendua lehenbailehen eduki ahal izateko”. Udalak eta udalerriko emakumeek kudeatutako gunea abian jarritako prozesuaren emaitzen arabera egokituko da, eta horretarako 400.000 euro baino gehiago zuzendu dituzte. Lanak 2022ko lehen hiruhilekotik aurrera hastea espero dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun