Intersekzionalitatea eta dekolonitatea konzeptuak ageri dira berbaldiaren izenburuan; azkenaldian, oihartzuna izaten ari diren hitzak dira. Zein da horien esanahia, eta zergatik dute horrenbeste oihartzun?
Intersekzionalitateak hitz egiten digu askotariko zapalkuntzen elkarreraginez. Gaur egun, generoaz, hizkuntzaz, klaseaz, edota besteak beste, arrazakeriaz ari bagara, ezin ditugu aldagai bakan gisa ulertu, baizik eta elkarreraginean eta elkarrekin gurutzatuta dauden zapalkuntza-prozesu gisa.
Zapalkuntzak horrela ulertzeak aukera ematen du prozesu zabal baten barnean borroka propio eta lokalizatuak kabitzekoa, nahiz eta horrek kontraesanak eragin. Generoa ez da esperientzia unibertsala, eta ez ditu bizi ditugun bereizkeria guztiak azaltzen: emakume baserritarrena, euskal hiztunena, prekarietate gordinean dauden paperik gabeko herritarrena… Begirada honek, egoera konplexuen aurrean, irtenbide konplexuak topatzeko ahaleginean jartzen gaitu, gerta daitekeelako emakume batzuk a priori kontrajarriak diren aldarrikapenak izatea batzuetan.
Beraz, horrek ondorio batzuk ditu jardun politikoan: aukerak zabaltzen dira aliantza berrietarako, elkarlanerako, askotarikoen arteko adostasunetarako, desadostasunak identifikatzeko eta errekonozitzeko, eta, nola ez, pribilegio edo ardura ariketak egiteko.
Bestalde, kritika dekolonialak jakintzen, lengoaiaren, gogoaren eta gorputzaren kolonizazioa du aztergai, baita horrek sortutako biolentzia epistemiko-filosofikoa ere. Hala, mendebaldeko hegemoniaren eta arrazakeriatik at dagoen egoteko eta izateko beste era batzuen bila jartzen gaitu. Ikuspegi dekoloniala lantzea ariketa konplexua da gurean. Izan ere, kulturalki zapaldutako herria gara Europan; historian zehar, askotariko inposizio zein sarraskiak bizi izandako herritarrak gara. Baina, aldi berean, kolonizazio prozesuetan inplikatuak gaude.
Nola uler daiteke intersekzionalitatea eta dekolonitatea euskalgintzaren alorretik?
Euskalgintzak ikuspegi intersekzionala aintzat hartzea ezinbestekoa du, gaur egungo errealitate linguistiko zein soziala, besteak beste, irakurri, ulertu eta euskararen eta euskal kulturaren biziraupena eta sustatze-prozesuak indartu nahi baditu, betiere. Errealitatea oso konplexua bilakatu da, zapalkuntzak areagotu dira eta aldagai berriak hartu behar dira aintzat; subjektu politikoak eratzeko eredu ireki eta ugariagoak behar ditugu, baita euskalgintzan ere.
Euskaldunok zein feministok ezinbestekoa dugu dekolonitatearen inguruan pentsatzea. Alde batetik, horrek aukera eskaintzen digu gure iraganarekin elkarrizketan jartzeko, eta europar gisa, eragindako minak aitortu eta erreparatzeko eta horien gainean ardura hartzeko abagunea ematen digu. Ezin ditugu begiak itxi: Abya Yala, Afrika zein Asia kolonizatzeko egindako sarraskietan eta natur- eta giza-arpilatze masiboetan inplikatuak gaude, lehen eta orain.
Beste alde batetik, aukera eskaintzen digu ulertzeko nola modernitatea ezartzeko hedatu ziren egiturazko bortxa bideen artean, hizkuntza eta kultura azpiratzea izan zela estrategia nagusia. Euskaldun moduan, modernitateak eragindako eta gaurdaino irauten duen kaltea azaleratzea dagokigu, nola azpiratu zen euskara eta euskal kultura, hizkuntza hegemonikoen (gaztelania eta frantsesa) alde.
Herri eta auzoetan. "Mugimendu feministak, hirietan jarduteaz gain, indar eta presentzia handia izan du herri eta auzoetan. Horregatik, euskaraz jardun dute txoko askotako feministek; hori deszentralizazioaren eragin bat izan da"
Azkenik, gure konfort eremuetatik atera eta gorpuztuta dugun arrazakeria eta aporofobia –pobreen aurkako bortxa edo beldurra– deseraikitzeko ariketak egitea dagokigu. Euskaldun gisa, azpiratuak bagaude ere, azpiratzaile ere bagara beste kultura zein jatorrietako herritarrekiko. Elkarbizitza sustatzeko eta gure hizkuntza balioetsi, irakatsi eta sustatzeko egin behar dugun prozesua dela deritzot. Horrek, ezinbestean, apustu kolektibo bat eskatzen du, eta enpatia ariketa erradikal bat egitera behartzen gaitu.
Ulertu daiteke euskalgintza feminismorik gabe?
Gaur egun, borroken arteko aliantzarik eta elkarreraginik gabe zaila da Euskal Herri feminista, euskalduna zein antiarrazista eraikitzea. Historian zehar ere euskalgintzak eta feminismoak batera joan dira, eta elkarrekin lan egiteko une eta gune asko izan dituzte. Planteatzen ari garena ez da berria, berez gertatzen den horretan, hau da, borroken arteko aliantzetan arreta jartzeko parada dugu oraingoan. Azken urteotan, uste dut jardun feminista areagotu egin dela oro har, eremu anitzetan, artean eta euskalgintzan, besteak beste. Eta horrek uste dut ez duela atzera bueltarik.
Zer egin dezake feminismoak euskalgintzaren alde; eta alderantziz, euskalgintzak feminismoaren alde?
Uste dut badaudela hainbat ikaspen feminismoan euskalgintzari baliagarriak izan dakiokeenak: errealitate pertsonalak politizatzea; egiturazko zapalkuntza gisa definitzea zapalkuntza patriarkala; intersekzionalitatea; elkarrengandik ikastea, bai hemen bai munduan ere; aniztasunaren kudeaketa; borroken arteko aliantza; militantzia eredua ezbaian jartzea; teoria eta praktikaren arteko oreka; askotariko sareak ehuntzea; eta lidergo kolektiboak eraikitzea azpimarratuko nituzke, besteak beste. Uste dut mugimendu feministak Euskal Herrian euskararen aldeko jarrera politikoa erakutsi duela, bai euskara ikasteko doakotasunaren aldekoa, bai euskara eta euskal kultura sustatzekoa ere, azkenengo urteetan, bereziki. Horren adibide izan ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetarako (2019, Durango) eginiko prozesua. Bertan, batetik, jardunaldien antolaketan parte hartutako talde feministek euskara kohesiorako hizkuntza gisa eta gure arteko aniztasuna zaintzeko akordioa eta ahalegina egin zuten; bestetik, hizkuntza-irizpideak zehaztu genituen, eta kudeaketa linguistikorako marko eta tresna erabilgarriak jarri genituen: askotarikoa den gure errealitate linguistikoari erantzuteko; hizkuntza, auzi kolektibo eta politiko moduan ulertuta, eta betiere, mugimendu feminista eusk(ha)lduntzeko ahaleginean. Prozesu hori guztia ez litzateke posible izango euskalgintzak urte hauetan guztietan egin duen ekarpenik gabe. Ezbairik gabe, elkarren beharra dugu, eta elkarrekin ari gara ikasten eta hazten.
Historian zehar, emakumeek berebiziko rola izan dute euskararen transmisioan, baina zapalkuntza gehien jaso dutenak ere izan dira. Nola eragin du horrek hizkuntzan eta mugimendu feministan?
Iratxe Retolazak (2019) dioen moduan, euskararen eta euskal kulturaren transmisioak duen bereizgarri nagusia da etenak izan dituela. Frankismoan kasu, eta etenaldi horietan guztietan, emakumeekiko jazarpena handiagoa izan zen, gakotzat jotzen gintuztelako hizkuntza eta kulturaren gordetze-lanetan eta transmisioan.
Euskal Herrian, 70eko hamarkadatik aurrera, jakina, euskaraz jardutea hautu politiko eta kontzientea izan da. Pentsamendu feminista erdaraz sortu da nagusiki Euskal Herrian. Horrez gain, esango nuke gai gatazkatsua izan dela, bai kolektibo bakoitzaren barnean, bai mugimenduan, oro har, eta, bide horretan, euskaradun eta euskaltzale feministen lan eta ahalegina handia izan da.
Halere, feminismoan euskaraz ere jardun da, eta badira, gutxienez, bi ezaugarri aintzat hartu beharrekoak: batetik, mugimenduaren izaera herritarra eta deszentralizatua, eta, bestetik, beste herri mugimenduekin estuki lotuta egotea. Lehenari dagokionez, emakumeen askapenerako mugimenduak gure herri handi eta hirietan jarduteaz gain, indar eta presentzia handia izan du, hastapenetatik, herri eta auzoetan. Horregatik, euskaraz jardun dute txoko askotako feministek; deszentralizazioaren eragin bat izan da. Bigarrenari dagokionez, mugimendu feminista ez da isolatuta egon; hau da, estuki lotua egon da bestelako gizarte mugimenduekin, izan antimilitaristekin, izan okupekin, izan sexu askapenerakoekin, izan gaztetxeekin, izan euskalgintzarekin. Azken honetan eginiko aliantza asko, nagusiki, herrietan egin ditugu, besteak beste: euskaltegietako irakasleekin, euskara elkarteetakoekin...
Feminismoa eta hizkuntzak. "Feminismoak betidanik izan du zapalkuntzaren ertz guztiak barneratzeko premia eta ahalmena. Hala ere, hizkuntza minorizatuen kasuan kosta egin zaio eta lengoaia hegemonikoetara jotzeko joera gailendu da"
Feminismoak betidanik izan du zapalkuntzaren ertz guztiak barneratzeko premia eta ahalmena. Hala ere, hizkuntza minorizatuen kasuan, kosta egin zaio eta lengoaia hegemonikoetara jotzeko joera gailendu da. Txikien bazterketa menderakuntza patriarkalaren, kapitalistaren eta inperialistaren beste ondorio bat izan arren, askok garrantzia kendu izan diote, eta gisa honetako borrokak gutxietsi.
Zeintzuk dira uneotan etorkizunari begirako erronka nagusiak?
Euskalgintza, antiarrazakeria, klase borroka eta feminismoa gurean batera doazela ulertzea, mikroan zein makroan eragina dutela ikustea eta ikuspegi oso horretatik aliantzak eraikitzea, azala ukitzea, elkar begiratzea, aitortzea eta, ausardiaz eta kritikotasunez, praktika eraldatzaileak garatzea, edonon.