Amaia Agirre alkateak eskertu dizkie egindako lana eta esfortzua, eta, aldi berean, herritarrak animatu ditu parte hartzera, “Getxok bat egiten duelako Euskararen Egunarekin, baina ez soilik abenduaren 3an, egunero egin nahi dugu, euskarak arnas berria izan dezan. Naturaltasun osoz, saiatu behar gara euskaraz bizitzen, eta horretan oso garrantzitsua da familia, lan, aisialdi, kultur edo kirol eremuetako jardueretan parte hartu ahal izatea. Hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa da instituziook egin behar dugun ahalegina ere, hau da, bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz, eta horretan gabiltza. Bizi gaitezen egunero Euskararen Egunean!”.
Jarduerak
Azaroaren erditik abenduaren erdira antolatutako jarduerak askotarikoak dira, kultur, gizarte eta heziketa alorrekoak, publiko ororentzat. Horien artean, ikastetxeek Euskararen Eguna ospatuko dute barikuan, hilaren 3an, Euskaraz egin zazu abestiagaz, Amigos para siempre kantaren musikagaz eta Aixerrota institutuko ikasleek egindako koreografiagaz. 17:00etan umeen senideentzako gymkana izango da San Nikolas eta Santa Eugenia plazetan ("Haurren aurrean Helduok Heldu "ariketaren barruan), eta Muxikebarrin 18:00etan Yauri Etxalde dokumentalaren proiekzioa izango da, eta 19:00etan Benito Lertxundiren kontzertua.
Egitarau osoa, hemen.