Areetako Xake plaza herritarrek hartutako aukera betez birmoldatuko da, parte-hartze prozesu bat egin ostean. Bestalde, Kale Nagusia berritu eta zati batean oinezkoentzako bihurtuko da; bidegorri zati berri bat egingo da, Negubidekoagaz lotuko duena, eta hiriguneak berreskuratuko dira, hiritarrak ingurune bizigarriago, atseginago eta osasungarriago batean bizi daitezen. Ildo horretan, Ignacio Uriarte Ogasuneko zinegotziak azaldu duenez, “Areetako erdigunean berdeguneak irabaziko ditugu eta pertsonak oinez ibiltzeko espazioak handituko dira. Beraz, lur gaineko aparkaleku batzuei uko egin beharko zaie. Udal Gobernuaren konpromisoa da lurpeko aparkalekuak egitea, bai egoiliarrentzat, bai txandakakoak, Romon eta Areetan. Eta horiek izango dira Getxoko hiri-mugikortasun jasangarria hobetzeko prozesuan eman beharreko hurrengo urratsak”.
Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aurreratu du honako jarduera hauek egingo dituztela: bizikleta-mugikortasun bereizia; zamalanak dituzten jarduerei arreta jartzea; irisgarritasuna hobetzea, kalean dauden desnibelak kenduta eta espazio guztia mailarik gabe utzita; gaur egun dauden edukiontzien geralekuak zati batean lurperatzea; altzari irisgarriak, estalitako eremuak, jolas-eremu handiagoak. Kentzen diren aparkaleku-partzelei dagokienez, inguruko bideren bat berrantolatzeko lanean ari direla azpimarratu du zinegotziak, 20 plaza inguru berreskuratzeko asmoz.
PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien ustez, baina, plaza birmoldatzeko egindako prozesu parte-hartzailea "aitzakia" bat izan da, udal gobernuak lehendik zuen eta aurrekontua finkatuta zuen proiektu zehatz bati zuzendutako prozesu bat izan delakoan. Kale Nagusiaren zati bat oinezkoentzat bihurtzeari dagokionez, PPk adierazi zuen, besteak beste, ezkutatu egiten dela 100 aparkaleku kenduko direla; EH Bilduk, aldiz, deitoratu zuen ez dakiela proiektuak bizikleta eta oinezkoa benetan lehen mailan jarriko dituen ala ez, nahiz eta gobernuak hori esan. Elkarrekin Podemos jarduera berde baten alde agertu zen, baina bulebarra izatea gura du kale osoan.
Onetsitako mozioak
Lekukotza gisa, bi mozio onartu zituzten osoko bilkuran. Lehenengoak, EH Bilduk aurkeztutakoak, eskatzen zuen, besteak beste, Getxolanek aztertzea erretiroek zer eragin duten Getxoko merkataritzan eta egitura ekonomikoan, batez ere azken bost urteetan, hurrengo bost urteetan izan daitezkeen erretiroak identifikatu ahal izateko. Era berean, proposatu du Getxolanek enpresak eta dendak eskualdatzeko estrategia propioa diseinatzea, kontuan hartuta CECOBIk eta Foru Aldundiak eta Getxoko eragile sozioekonomikoek egindako ekarpenak eta esperientzia.
Onartutako beste mozioak, EH Bilduk ere abiatuta, eta EAJ eta PSE-EE alderdiek transakzionatuta, Algortako Ludoteka bat egiteko proiektua berreskuratzeko konpromisoa jaso zuen, baita leku egokiak bilatzea –koalizio abertzaleak Algortako San Martin udal-eraikina proposatu du–, eta proiektuaren bideragarritasuna eta aurrera eraman ahal izateko hainbat eredu aztertzeko konpromisoa aztertzea ere.