Getxoko EAJk eta PSE-EEk 118 milioi euro inguruko aurrekontu-proiektua aurkeztu zuten azaroaren erdian, eta abenduko osoko bilkuran onartuko dituzte. Hala ere, bere konfigurazioak ez du Udalbatzaren gainerako taldeak konbentzitu, eta hainbat zuzenketa eta proposamen proposatu dituzte egunotan, hurrengo bilkuran eztabaidatzeko.
Eduardo Andrade PPko bozeramaileak deitoratu duenez, "aurrekontuok ez dituzte getxoztar familien beharrizanak betetzen, eta gobernu-talde honek bere udalerriko errealitatetik duen erabateko urruntasuna erakusten dute. Aurrekontu hori erabat puztuta eta dopatuta dago bere diru-sarreretan, eta puztu egiten ditu egunkarietako titular soil bat izateko". Hori dela eta, osoko zuzenketa bat eta 16 partzial aurkeztu dituzte, 11 milioi euro baino gehiagokoak; horietatik, 2 milioi euro Areetan aparkaleku bat eraikitzeko izango direla nabarmendu dute popularrek.
Elkarrekin Podemosek ere osoko zuzenketa bat aurkeztu du, beharrezkoa ikusten duelako kontu horiek atzera bota eta negoziazio bat abiatzea, "entzute aktiboarekin eta denen parte-hartzearekin, horrela Getxoko herritar guztien premiekin bat datozen aurrekontuak lortzeko". EH Bildu, bere aldetik, osoko zuzenketarik aurkeztu ez duen bakarra izan da, "prest gaudelako udal-gobernuarekin negoziatzeko eta akordioa lortzeko. Ikusiko dugu ea benetan udal-gobernua akordio zabalak lortzeko prest dagoen".
Dena dela, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk zuzenketa sorta zabala aurkeztu dute. Bi taldeak bat etorri dira hiri-autobus bat ezartzearen eskaria egiteagaz, besteak beste, eta, mugikortasun iraunkorraren alorrean, koalizio abertzaleak beste neurri batzuk proposatu ditu, hala nola Algortako Sarrikobaso kaletik bidegorri-sarea handitzea eta Algorta hiribidean, udaletxearen eta Alangoren artean, irisgarritasuna hobetzea. Larrialdi klimatikoari dagokionez, EH Bilduk udal-eraikinetan edo kirol-azpiegituretan eguzki-plakak jartzea proposatu du, eta Getxo eta Berango artean dagoen Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzeko plan bat prestatu du. "Gaur egun, lurzoru hori abandonatuta dago eta eremu berde berri bat irabaz liteke", uste dute EH Bildukoek. Elkarrekin Podemosek, bestalde, "Getxon hiri-autobus elektrikoaren sistema bat martxan jartzea" proposatu du, baita udan autobus anezka bat ezartzea ere, Ibarbengoako geltokia eta Gorrondatxe-Azkorri hondartza lotzeko.