Gaur goizean egin den ezohiko osoko bilkuran baztertu egin dira bai PPk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako bi osoko zuzenketak, bai izapidetzeko onartu ziren 91 zuzenketa partzialak (PP taldearen 8, EH Bilduren 27 eta Elkarrekin Podemosen 56). Alabaina, negoziatzeko, akordioetara heltzeko eta, etorkizunera begira, gobernuaren eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko zubiak eraikitzeko borondatea dagoela nabaritu da eztabaidan, udal-iturriek zabaldu dutenez.
Nolanahi ere, oposizioak azpimarratu du aurrekontua ez dela anbizio handikoa, kontserbatzailea dela, eta gabezia ugari dituela, hala nola etxebizitza eta gazteriaren alorrean eta ekonomia-sustapeneko alorrean; halaber, adierazi du ez diela erantzuten pandemiak gehien kaltetutako sektoreen beharrizanei, eta herritarren poltsikoa zigortzen duela zergak handituz. Oro har, aurrekontua eztabaida eragozten duen eta oposizioari gauza handirik egiten uzten ez dion osoko bilkurara heldu dela deritzo, ez baitira proposatutako zuzenketak onartu. Bestalde, udal-gobernuak gogoratu du susperraldi ekonomikoari esker "2022ko zerga-bilketaren aurreikuspenak positiboak eta 2021ekoak baino hobeak izango direla, eta, ondorioz, arloei aurrekontu handiagoa emango zaiela eta inbertsioak egingo direla". Horren harira, agintariek azpimarratu dute aurrekontuak pertsonak jarri dituela erdigunean, eta helburu nagusia sozialki kohesionatuta egongo den Getxo lortzea dela, "solidarioa, ekintzailea, berritzailea, sortzailea eta dinamikoa, ingurumenarekin nahiz klima-aldaketaren aurkako borrokarekin konprometituta, erosoa eta kulturarteko bizikidetzako nahiz berdintasuneko balioetan oinarritutakoa, Euskadin errotua bere izaeran eta kulturan, euskaldunagoa errealitate eleanitz batean, gardena, hurbila eta parte hartzailea dena, eta zintzotasuna nahiz zorroztasuna udal-ekintza guztiaren zeharkako ardatz gisa dituena".
Kontuak horrela, udal-gobernuak 2022. urterako aurrekontuaren mugarri nagusiak zerrendatu ditu; honako hauek dira:
- Hiri-antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria.
- Areetako Xake plazaren diseinu berria, herritarren gozamenerako.
- Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua: bidegorrien sarea handitzea eta TAO zerbitzu berria abian jartzea, TAO Express zerbitzua barne hartzen duena.
- Etxebizitza Plan berria (2020-2035), zeinak hainbat beharrizanei erantzun beharko baitie eta zeina etxebizitzaren ondare publikoaren gehikuntzan oinarrituta egongo baita.
- Algortako Urgull kalean talentuaren azeleragailu berria (kultura eta sormeneko sektorerako berrikuntza-poloa), Kirol Portuko ETEen zentrora batu dena.
- Gizarte-zerbitzuen bultzada berria, zeinaren bidez aurre egin nahi baitzaie biztanleria zahartzeak, familian egondako aldaketek, berdintasunak, eta aniztasuna behar bezala txertatzeak dakartzaten erronkei.
- Herritarrei arreta egiteko leihatila bakarraren kanala bultzatzea.
- Eta hondakinak zein energia berriztagarriak kudeatzeko estrategia berria, ekonomia zirkularra bultzatzen eta aurrezteko ekimenak sustatzen dituena.
Oposizioa, kontra
PPk adierazi du gaurko osoko bilkura "izapide hutsa" izan dela eta oposizioaren eztabaida eragozten dela. Alderdi horren arabera, gainera, aurrekontua asko hobetu daiteke. Zuzenketa partzialetan –horien zenbatekoa 11 milioi eurokoa da guztira–, PPk azpimarratu du beharrezkoa dela Areetan aparkaleku bat eraikitzea, hiriko autobus-zerbitzua eskaintzea, etxeko laguntza-zerbitzua nahiz dinamizazio ekonomikorako laguntzak areagotzea, Azkorri Babesteko Plana gauzatzea eta metroa Getxotik igarotzen den tartean lurperatzeko hasierako lanak egitea. Besteak beste, honako proposamen hauek ere egien ditu: gazteentzat gaueko aukerako aisialdi-egitaraua garatzea, txakurrentzako guneak gaitzea eta bizikleten zein bidegorrien erabilera zuzenari buruzko informazio-kanpaina bat egitea.
EH Bilduk, bere aldetik, positiboki baloratu du eztabaidatzeko prozesua, eta nabarmendu du prest dagoela udal-gobernuagaz negoziatzeko eta beragaz akordio batera heltzeko; horren aurrean, aipatu du ez duela osoko zuzenketarik aurkeztu, baina "zoritxarrez azkenean ez da konfiantza eta berme nahikorik izan akordioa lortzeko". Ildo horretan, EAJ eta PSE-EEren jarrera salatu koalizio abertzaleak, oposizioak aurkeztutako zuzenketa guztiak atzera bota dituelako gobernu-taldeak. Besteak beste, EH Bilduk honako proposamenak "beharrezkoak eta onargarriak" dira udalerrirako: alokairu-etxebizitzen sustapena, hiriko autobus-zerbitzua abian jartzea, Algortako metroa lurperatzea, klima-aldaketari aurre egitea, ondare arkitektonikoa zein naturala babestea, merkataritzako fidelizazio-txartela sortzea, azpikontratazioarekin amaitzea, ludoteka bat Algortako San Martin eraikinean, jai-batzordeei emandako diru-laguntzak areagotzea, txakurrentzako guneak jartzea eta zinegotzien nahiz aholkularien soldatak jaistea.
Azkenik, Elkarrekin Podemosek nabarmendu du egoki egin dela negoziazioa, eta bat datozen gaietan batera lan egiteko aukera dagoela. Hala ere, deitoratu du onartutako aurrekontuak "konformistak eta kontserbatzaileak" direla. Talde horren zuzenketa partzialetan honako helburu hauek aipatzen ziren: kohesionatuagoa den Getxo lortzea, mugikortasun jasangarria, eta etxebizitzari buruzko politika eraginkorrak. Proposatutako 56 zuzenketetan (guztira, 4 milioi inguruko zenbatekoa osatzen zuten), honako gai hauek jorratu zituzten, besteak beste: Santa Eugenia birsortzea, beharrezkoa baita; Getxobus elektrikoa, auzo guztiak erdigunearekin lotuko dituena; Azkorri-Andra Mari babestu eta kontserbatzeko plan osoa; etxebizitza hutsak mugitzeko plana; eta merkataritza-lokalak alokatzea sustatzeko programa.
Zuzenketa partzialei dagokienez, udal-gobernuak adierazi du aurkeztutakoen % 35 onartzeko prest zegoela, baina, negoziazioren batean jarrerak hurbildu diren arren, azkenean ez da akordiorik lortu.