Erlijioak eta familiak berebiziko garrantzia du Hondurasen, Gabonetako garaian batez ere. Gabon-kantak kalez kale entzuteaz gainera, Jesusen jaiotzak edonon ikus daitezke han, eta oso ohikoa da jendearen muntaketak egitea eta horien inguruan jan-edana konpartitzea. Izan ere, berton bezala, asko eta asko jan ohi da garaiotan han, "kantitate industrialetan", diosku Mirza Zaldivarrek; "aurreko egunetan, gau eta egun ematen dugu janariak prestatzen, familia eta lagun asko batu egiten garelako". Ohikoena txerri edo oilaskodun nacatamalak dira, platanoen orrietan bilduta, baita arto gozoen monturak ere, besteak beste. Edatekoari dagokionez, alkoholdun zein alkoholik gabeko askotarikoak dastatzen dituzte, hala nola rompopoa eta pontxea.
Berton bezala, abenduaren 24an eta 31n afariak egiten dituzte, eta, azken gau horretan, bolanderaz betetako panpina bati su ematen diote urtearen amaierako azkenengo kanpai-hotsaren aurretik.
Opariei dagokienez, Zaldivarrek akorduan du umeen ilusiorik handiena dela arropa berria erostea garaiotan, "eta hori estreinatzea, nola ez". Bestalde, familiaren ekonomiaren arabera, ohikoa izaten da ere opariren bat edo beste ematea etxeko txikienei.