Osasun-sistema publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatu gura dute bileraren deitzaileek. Izan ere, salatu dutenez, osasun-langileak gainkarga handia pairatzen ari dira gaur egun. Horrez gainera, deitoratu dute osasun-zentroak gainezka daudela eta aurrez aurreko arreta bertan behera gelditu dela. Euren ustez, egoera hori guztiz kezkagarria da, are gehiago Osakidetzak pandemiaren momenturik larrienean kontratatutako errefortzuzko 4.000 beharginak kaleratu dituelako. "Lehen arreta arriskuan dago, eta orain autotestak, autokonfinamendua, autozaintza eta autobajak eskatzen dizkigute", salatu dute.
Horren guztiaren aurrean, erantzukizunak eskatzeko eta kalitatezko osasun-sistema publiko baten alde mobilizatzeko garaia dela aldarrikatu dute.