Atzo, domekan, jendetza bildu zen Algortan Maria Lizarraga (Burlata) eta Iñigo Gutierrez (Algorta) euskal presoen alaba den Izadiren egoera salatzeko. Haurrak hiru urte bete zituen atzo eta, hala, kartzelatik irtenarazi zuten. Aitak jaso zuen Madrilgo Aranjuezeko espetxearen atarian, hirugarren graduan baitago barikuaz geroztik; ama, aldiz, bertan segituko du egunotan, baina egun gutxitan Zaballako espetxera lekualdatuko dute.
Manifestazio batean, Algortako kaleak zeharkatu ondoren, Izadi Gurasoekin Etxera plataformako bozeramaileek nabarmendu zuten egondako lanaren ondorioz Gutierrez etxean: "Plataformatik eta norbanako askok aurrera eramandako lanari esker Iñigo Izadiren ondoan egon ahalko da eta Maria Euskal Herriko espetxe batera hurbilduko dute laster".
Halere, deitoratu zuten denak ez direla berri onak, Izadi amarengandik bananduko dutelako. Era berean, beste motxiladun umeak bezalaxe, salatu zuten Izadik ez duela jakingo noiz ikusi ahal izango duen berriro ama: "Hilean ordu gutxiz egon ahalko da berarekin".
Horren aurrean, aldarrikatu zutenez, "Izadi, gainerako motxiladun umeak bezala, bere gurasoekin egon behar da, etxean". Era berean, Maria Lizarraga ere eurakaz batera gura dutela azpimarratu zuten: "Maria ere gurekin nahi dugu, Izadirekin batera!". Gainera, haren ziega gutunez eta "elkartasun eta maitasun keinuez betetzeko" deia egin zuten.
"Iñigorekin ikusi dugu borondatea dagoenean posible dela soluzioak lortzea. Orain pilota Eusko Jaurlaritzaren teilatuan dago, Izadiren eta motxiladun ume guztien egoera gogor honi irtenbide bat emateko", ohartarazi zuten plataformako kideek, EAEko espetxeen kudeaketa Lakuaren eskutan dagoelako.
Izadi gurasoekin etxera!
— EH Bildu Getxo (@GetxokoEHBildu) January 23, 2022
Ehundaka lagun batu gara gaur Algortan Izadik bere gurasoekin etxean egon behar duela aldarrikatzeko.
Izadi umea bere amarengandik banatu dute, beste motxiladun ume asko bezala.
Seme-alaba guztiak eurekin gurasoekin nahi ditugu, etxean eta aske! pic.twitter.com/whWH2syeqU
Gutierrez, hirugarren graduan
Izadiren aita, Iñigo Gutierrez, Aranjuezeko espetxetik irten zen barikuan, hilaren 21ean, hirugarren graduan. Halere, gertukoek jakinarazi dutenez, Zaballako espetxera joan beharko du gaur, astelehenean, hirugarren gradua zelakoa izango den argitzeko.