Izadik gurasoakaz egon beharko lukeela aldarrikatzeko protesta egingo dute domekan

Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 15:18

Izadi Gurasoekin Etxera plataformaren aurkezpena, artxiboko irudian.

Domekan, hilaren 23an, Iñigo Gutierrez (Algorta) eta Maria Lizarraga (Burlata) presoen alaba den Izadik hiru urte beteko ditu eta, ondorioz, gurasoengandik banatzera behartuko dute. Hori salatzeko, Izadi Gurasoekin Etxera ekimenak manifestazioa egingo du Algortan, Txiki Otaegi plazatik abiatuta, 12:30ean. "Maria, bere amarekin egunean 24 orduz egotetik, urtean 24 ordu egotera pasako da, edozein umerentzat egoera jasanezina", deitoratu dute deitzaileek.

Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga presoen alaba da Izadi; 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian, eta urte eta erdiz amagaz Picassenteko amen moduluan egon ondoren, aita-amakaz bizi izan da oraintsu arte Aranjuezeko familien moduluan. Hala ere, Izadik hiru urte betetzen dituenean, bere urtebetetze-egunean, Izadi kalera irtengo da, gurasoengandik urrunduz.

Joan den abenduaren amaieran, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi zuen Gutierrez eta Lizarraga Euskal Herriko espetxeetara lekualdatuko zituela. Gutierrezen kasuan, gainera, 2022ko uztailean amaituko du zigorra, eta daborduko hiru laurden baino gehiago bete dituenez, baldintzapeko askatasunean egon beharko luke aspaldi. Espainiako Barne Ministerioak dioenez, hirugarren gradura igarotzea ere ebatzi da eta kartzelatik atera beharko litzateke laster.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun