Uharte bat Venusen zure azken eleberriari buruz berba egiteko etorriko zara Getxoko Irakurzaleen Txokora. Zer kontatu ahal diguzu horretaz?
Iazko udaberrian aurkeztu nuen liburua, baina, horren ondoren, iazko Durangoko Azokaren aurretik, Etxepareren inguruko beste lan bat ere aurkeztu nuen: Etxepare, jalgi hadi batura. Hala ere, urtarrilaren 27an, Irakurzaleen Txokora eramango dudan liburuak gizarte inteligenteago baten dinamika eta sorrera iradokitzen du. Zati bi dauzka. Lehenengo partea fusilamendu baten simulakro batekin hasten da; gatazka handi baten ondoren, gizatalde bat fusilatzera doaz, baina, azken momentuan libratu egiten dira eta horrelako lurralde isolatu batean konfinatzen dituzte gosez hil daitezen. Orduan, giza talde hori konturatzen da irla batean dagoela, eta ikusten dute bizirauteko lana egin behar dutela; lortu ere egiten dute, eta bestelako gizarte bat antolatzea lortzen dute. Liburuaren bigarren zatian, fusilatu nahi zituzten mundu horretako ikerketa-ontzi bat uhartera iristen da, eta beste zibilizazio bat aurkitzen dute bertan. Bertan aurkitzen dutenarekin txokea hain handia da, non itsasontziko kapitainak uharte hori Venus dela esaten duela, gure planetan ez dagoelako horrelakorik. Hor hasten da zibilizazio bien arteko harremana eta kontrastea azaleratzen, eta konturatzen dira mundu bien artean kontrastea egundokoa dela arlo guztietan. Nire intentzio intelektuala izan da gizarte inteligente baten posibilitatea garatzea, utopia baten modukoa, hain zuzen. Orain arte, idatzi ditudan gauzak beti abiatu dira errealitatetik, baina oraingoa guztiz fikziozko istorio bat da; hori bai, fikzio inteligentea.
Fikzioa izan arren, zerbait iradoki gura duzu horregaz?
Liburuan ez dut zuzenean esaten, eleberrian ez dagoelako inolako diskurtsorik, baina nolabaiteko utopia bat aurkezten dut. Distopia ere izan zitekeen, baina nik aspaldi erabaki dut era inteligentean bizitzea, eta uste dut lortu dudala; beraz, ez da hainbesterako utopia. Hala ere, azpian badaude intentzio batzuk, eta horien artean hizkuntza bera dago, uharte horretan erabiltzen duten euskara hemengoa baino askoz aurreratuagoa baita. Beraz, hor ere kontraste handia sortzen da, eta seguru nago Algortara joateko deitu didaten batzuek puntu hori nabarmendu nahiko dutela, hau da: hizkuntza sinpleago baten erabilera, kasu honetan aditza sinplifikatuz. Eta, horretaz gain, harremanak bezalako beste hainbat gai sinplifikatuagoak daude zibilizazio hartan, eta askoz aurreratuagoak intelektualki.
"Liburuan ez dut zuzenean esaten, eleberrian ez dagoelako inolako diskurtsorik, baina nolabaiteko utopia bat aurkezten dut. Distopia ere izan zitekeen, baina nik aspaldi erabaki dut era inteligentean bizitzea, eta uste dut lortu dudala; beraz, ez da hainbesterako utopia"
Uste duzu utopia hori euskararen errealitatera ere ekar daitekeela nolabait?
Bada, bai. Nik esaten dudanean era inteligentean bizitzea lortu dudala, hein handi batean sinplifikaziotik dator, baina hori diskurtsoa izango litzateke, eta nobelan ez dago halakorik. Askotan, gauzak behar ez diren moduan edo mailaraino aurreratzeak eramaten gaitu halako konplexutasun harrigarrietara, baina hori zertarako? Hori hizkuntzan argi eta garbi ikusten da. Horrela planteatu ez arren, euskaran ditugun zailtasunei buruzko halako mezu bat iradokitzen da eleberrian: hizkuntza sinplifikatzen dugu edo ezin izango dugu beste hizkuntza handiagoekin lehiatu. Hein handi batean hori da gertatzen ari dena, baina hori bestelako gai bat izango litzateke. Nik horretaz baditut ideia batzuk, eta liburuan horrelako hizkuntza mota bat jartzen dut uharte horretan. Gainera, irakurle batzuei galdetu diet ea hizkuntza hori ulertu duten, eta baietz esan didate, eta erabiltzeko askok are errazagoa dela ere esan didate, daukagun aditz madarikatu hau baino.
Beraz, pentsatzen duzu euskara sinplifikatu egin behar dela nolabait?
Azken batean, nire konklusioa da ezin dezakegula lehiatu askoz sinpleagoak diren hizkuntzekin. Zuk etxera sartzeko giltza bat daukazu, baina pentsa bakarra izan beharrean 200 bazenitu, segun barruan nor dagoen, zertan ari den, zenbat datozen kanpotik... Azken batean, gure inguruko hizkuntzek aditz forma bakarra duten bitartean, guk euskaraz 200 forma ditugu.
Eta norantz uste duzu jo beharko lukeela sinplifikazio horrek?
Ideia batzuk izan arren, oso argi daukat norantz ezin gaitezkeen joan: erabilerak eragiten duen degradaziora; aurrerapenagatik egin behar dira aldakuntzak, ez degradaziorako. Aditzaren kasuan, adibidez, euskaraz hitz egiten dutenen artean % 75a galdu da; ia inork ez du ikusi zaitut esaten, gehienek ikusi dizut esaten dute, eta ikusi zinduazen ezta pentsatu ere; aditzaren erdi hori galdu egin da. Subjuntiboa ere ia inork ez du zuzen erabiltzen, bakarrik sinpleena: ona izango zen esaten da, ona izango litzateke esan beharrean. Hori normalizatu egin da, eta ez dugu berreskuratuko. Baina uneren batean sinplifikazioa onartu eta nagusitzeko moduren bat etorri beharko da, hor ez dagoelako aditza bakarrik, lexikoa eta beste hainbat kontu daudelako: nik Euskara batuaren bigarren jaiotza liburuan adierazi nuen gure hiztegietan 20.000 hitz falta direla oraindik; hitz komunak, internazionalak, hain zuzen. Euskaldunok ados jartzea zaila da, baina hizkuntzak irauten dute edo hil egiten dira, eta horri irtenbide bat bilatu beharko diogu.
Euskararen sinplifikazioa: "Horrela planteatu ez arren, euskaran ditugun zailtasunei buruzko halako mezu bat iradokitzen da eleberrian: hizkuntza sinplifikatzen dugu edo ezin izango dugu beste hizkuntza handiagoekin lehiatu"
Abenduan, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zizun, bi urteko atzerapenagaz. Bertsolaritzaren munduan egindako lana goraipatzeko saria izan zen. Horren ondarea bizirik dagoela sentitzen duzu?
Aurten 40 urte beteko dira nire lehen txapela irabazi nuenetik –1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Donostia–, hain zuzen. Garai hura mugimendu euforiko baten moduan gogoratzen dut hainbat arlotan egon zen zabalkundeagatik. Egia da nik txapela euskara batuan irabazi nuela, eta bestelako eredu bat ekarri nuela; nahiz eta kontrakoak ere izan nituen orduan. Baina kontzientzia osoz egin nuen hori, eta, gero, eskoletara ere transmititu zen, jendeak ikas eta sortu zezan. Bai, bertsolaritzarentzako eta hizkuntzarentzako aro ederra izan zen, eta euforia eta pizkunde orokor bat izan zen hainbat arlotan. Mugimendu izugarria egon zen garai hartan, eta nik eta beste batzuek material asko sortu genuen; egiten ari ginenean ez ginen konturatzen horrek izango zituen ondorioez, baina ekarri du nonbait. Ni bertso-eskola askoren katalizatzaile baten modukoa izan nintzen orduan, baina hor mugimendu oso zabal bat egon zen, ni gabe ere sortuko zena. Gainera, urteetan Algortan bertan eta Getxo aldean egon nintzen bertako eskola eta bertso taldeekin, eta hori bertsolaritza bera bezain ederra izan zen niretzat; garai horretan, Euskal Herri osoan egon nintzen bertsotan, eta ia-ia egunero joaten nintzen bertso-eskolaren batera. Ni ekarpen batzuk egitera joan nintzen, eta ondo atera zitzaidanez, jende askok ondo hartu zuen, eta pentsatu zuten irakasle moduan ere aritu ahalko nintzela. Aro ederra izan zen hainbat zentzutan, eta niri bizitzan gauzarik ederrenetarikoa izan da bertsolaritzak eman didana. Nik hori orain oso gogoan daukat, eta horregatik ontzat eta poz handiz hartu nuen Eusko Ikaskuntzak emandako aitortza.
Azaroan, Uribe Kostako gazteek Bizkaiko txapelketa irabazi zuten, hori ere zure ondarea dela esan daiteke?
Nik nire partea izango dut, baina batez ere Algorta eta parte horretako jendearena da meritua. Nik nire diskurtsoa ematen nuen, baina horren atzetik antolakuntza handia dago, eta horren guztiaren atzetik ALBE. Hizkuntza eta bertsolaritza zabaltzeko lan ikaragarria egin dute, eta horrelako fenomeno miragarri bat izan da Algortakoa: hainbat pertsona inplikatzea eta horretatik hainbeste partaide eta bertsolari ateratzea ez da leku guztietan gertatu, eta are gutxiago Getxo dagoen eskualde gehienbat erdaldun batean. Lanari, ilusioari, antolakuntzari eta jende kapazari esker sare oso garrantzitsua sortu da hor, eta fenomeno bat sortzea lortu dute.
Duela urte batzuk utzi zenituen plazak eta bat-bateko bertsolaritza. Faltan botatzen duzu?
Adinak ez du barkatzen, eta 80 urterekin ibilerak egitea eta konpromisoetara aritzea neketsua da. Gainera, aurrea hartu nahi nion mentalki ondo nengoela; eta beste gauza batzuetarako denbora utzi dit horrek. Horri esker, bestelako plaza batzuetan parte hartzen dut: adibidez, Biba zuek! ETB1eko telebista saioan edo Faktoria irrati-saioan parte hartzen dut, baina ez da bat-bateko bertsolaritzako ibilbide hori. Algortako Irakurzaleen Txokoa ere nolabaiteko plaza bat da, eta gustuz eta ilusioz joango naiz. Baina horrek ez dauka bat-bateko bertsolaritzak daukan urduritasun, tentsio edo beldur puntu hori, nik ez daukat adina horretarako. Orain, nahiago dut lasai bizi; esan dudan moduan, era inteligentean bizi nahi dut.
Apaiz kartzela dokumentala:
Zamorako apaizen kartzelan egon zen Xabier Amuriza, frankismoaren aurka altxatu ziren hainbat elizgizonegaz batera. Beste hiru preso ohigaz, historia hori biltzen duen dokumentala filmatu eta estreinatu zuten iaz.
Dragoi Bola-ko itzultzaile lanetan aritu zinen 90eko hamarkadan. Horrek belaunaldi oso baten hizkuntza-ohituretan eragina izan duela aitortu dizute askok. Nola sentitzen duzu zuk?
Egia esan, egin nuenen ez nuen horrela ikusi: ni lan bat egitera joan nintzen, nire hizkuntza-irizpideak erabiliz. Gerora, askok esan didate hori bera, eta, horrek, harrotu eta poz handia ematen dit aitortza hori jasotzea. Hala ere, bertsolaritzan eta idazten zurrunbilo horretan guztian nenbilela, baten batek esan zidan ondo zegoela, baina ez neukan horrelako eragina izango zuenaren kontzientzia. Gainera, ikusleak umeak zirenez ez ziren gai hori transmititzeko, gurasoen bidez ez bazen. Urteak pasatu eta gero, esan didate horrek eragin zuela, eta nik harrotasunez eta poztasunez hartu dut. Zahartzaroak ere poz handiak ekartzen ditu, eta gazteago hil izango banintz gauzok ez nituzke gozatuko.