Arte-espazio berri bat du Algortak iazko apiriletik. Jone Saitua artistak estudioa eta galeria ireki du Kasune kalean, bere sormenari ateak irekitzeko: "Lan egiteko eta kulturzaleekin elkartzeko espazio bat behar nuen; aurrez-aurrekoa gustatzen zait". Estudioa orain dela gutxi ireki duen arren, Saitua betidanik egon da artearen munduan murgilduta: margolaritza, eskulanak, horma-irudiak... "Barne-diseinua ikasi nuen, lekuak eta espazioak atseginak bihurtzea gustatzen zaidalako; gauzak eraldatzea, ederrago bihurtzea".
Eta nolakoa da Jone Saituaren lana? Zaila da guztiz definitzea. Bere berbetan: "Nire lana oso anitza da. Materialak, teknikak, tamainak eta koloreak aldatzen ditut uneoro, probatzea gustatzen zaidalako. Erronka berriak bilatzen ditut artean". Estilo propioa sortzeko zailtasuna duela esan dezake baten batek; baina agian hori da hain justu beste estiloa: "Aldatzea gustatzen zait, jolastea". Edozelan ere, badira elementu bi bere lanetan errepikatzen direnak: emakumeak eta natura. "Bai, ez dakit zergatik baina eroso sentitzen naiz emakumeak eta naturaren elementuak irudikatzen, baina ez hori bakarrik...". Bai, gizonak, adibidez, irudikatu izan ditu... "Formatu handiko koadro bat egin nuen Jon Kortajarenaren aurpegiarekin. Bilboko Lurrina jatetxean dago, eta arrakasta handia dauka mahaikide artean. Esan dizut ba nire estiloa oso anitza dela!".
Saituak erabiltzen dituen materialak ere oso ezberdinak dira: "Material irregularrekin lan egitea gustuko dut, inoiz ez dakizulako zehazki zer gertatuko den". Batzuentzat arazoa izan daitekeena, abantaila da berarentzat, beraz. Azalean ere bilatzen du irregulartasun hori: "Aurpegi-mikropigmentazioa ere egiten dut: bekainak, begiaren marrak, ezpainak... Hortxe ere edertasuna bilatzea da nire helburua. Artea lantzeko beste modu bat da".