Sully Riot punk-rock taldeak 2016an ekin zion bere ibilbideari eta Green Day, Berri Txarrak, Oasis eta Sum 41 taldeen eraginak biltzen ditu, besteak beste. 2017an egin zuten debuta, Too Drunk To Handle This diskoagaz, eta, ordutik, taldeak hainbat kontzertu eskaini ditu. Begirada itsuak bezalako zenbait single argitaratu ondoren, egun bigarren diskoa prestatzen ari dira. David Whitehead (ahotsa eta gitarra), Liam Ó Máolain (baxua), Aritz Gonzalez (gitarra) eta Unai Legardak (bateria) osatzen dute banda.
Ready Aim Fire bertako hard rock eszenako talderik ezagunenetako bat da. Estilo pertsonala garatu dute, generoaren barruko talde ezagunenetako batzuen eragina dutela. Hainbat urtez nagusiki zuzeneko banda gisa aritu ondoren, kontzertu-errepertorioko abesti ezagunenetako batzuk grabatzea erabaki zuten, eta Leviathan (2021) albumean bildu zituzten. Ignacio Ortega, Joseba Gotxi, Eduardo Martínez, Carlos Santiago eta Iñigo Díaz de la Campa dira taldeko kideak.
Bestalde, Deep Sea Monk rock alternatiboko banda bat da, folkie kutsua duena. Erritmo akustikoak kanta elektriko eta sendoakaz konbinatzen dituen estilo-nahasketa eskaintzen dute, biolinak eta sintetizadoreak barne. Taldea 2019ko amaieran sortu zen, eta 2020an argitaratu zuten lehen EPa, Midnight Stories izenekoa. Horri esker, Bizkaiko talde berrien kategorian izendatu zituzten urte horretan bertan Koska Sarietan. 2021ean hainbat single atera zituzten, taldearen sormen-jarduera handiaren isla. Gainera, Aurrera Fest! Jaialdiaren azken edizioan parte hartzeko hautatu zituzten, Euskaldunan orain arteko kontzerturik garrantzitsuenean. Jara Yuste Arnaiz, Álvaro Olaechea Pozo, Adrián Barberá Herrero eta Vicente Orón Calvok osatzen dute banda.
Azkenik, Zetalau punk-rock taldea 2019an abiatu zen agertokietan. Urte horretan bertan, Heriotza zigorra debuteko diskoa kaleratu zuten eta Uribe Kostako lokal eta jaietan jotzen hasi ziren. Azkenaldian zuzeneko emanaldiak uztartu dituzte Egiak ez ditu bi bide bere bigarren diskoaren prestaketagaz. Honako hauek dira taldekideak: Endika Ballesteros, Aritz González, Mikel Serra, Mikel Terrones e Iñigo Landaluze.