Elkarrizketak

“Euskal musika bizirik dago, askori gustatu ez arren”

Asier Barruetabeña Rivallo 2019ko aza. 12a, 13:28

© ZETALAU

Napalmaren usaina goizeko lehen orduan bezala, Heriotza zigorra Zetalau taldearen lehen lana gogorra bezain zuzena da, erne harrapatu behar zaituen horietakoa. Nork esango zuen bada, euskal gazteriaren musika eszena hilda zegoela... Uribe Kostako boskote hau, etiketak gustuko ez dituena, auto-produzitutako euren lehen lanagaz dator. Adi, ondoan eztanda egin ez diezazun.

Nortzuk zarete Zetalau eta zelan sortu zen taldea sortzeko ideia?

Algortako, Itzubaltzeta/Romoko eta Peruriko bost gaztek osaturiko musika-talde bat gara. Desobedientziaz, Fallen Kingdom, Sully Riot, Los Petatxos, Down the Leader eta Burning the Waves taldeetatik gatoz. 

Oso talde gaztea zarete, etorkizunera begira zer asmo duzue?

Hasieran geneukan helburu berdina defendatzen jarraitzen dugu: musika sortu, harremanak egin eta egiten dugunaz gozatu. Bestalde, denboraren eraginez talde modura egonkortzea eta ahalik eta belarri gehienetara ailegatzea gustatuko litzaiguke, betiere, gure sustraiak zeintzuk diren ahaztu gabe.

Disko berria kaleratu duzue. Lehenengoa izanda zelakoa izan da esperientzia? Zelako harrera du diskoak?

Auto-produzitu dugun diskoa izan da eta horrek, bai esfortzu eta bai gogo aldetik, erronka berri hau emozioz eta ilusioz hartzera eramaten gaitu. Bestalde, lehenengo diskoa izanda, desberdin ikusten dira gauzak, azken batean hasiberriak garelako. Eta bai, esperientzia ezin hobea izan da, bai musikalki baita pertsonalki ere, gure hasierako helburuei eutsita diskoak izugarrizko harrera izatea lortu dugulako.

Zuen ikuspuntu gaztetik zelan ikusten duzue musika-eszenaren egoera?

Ez dugu batere ondo ikusten. Talde gazte asko gaude lanean, baina ez dugu laguntza nahikorik musika-arloan aurrera egiteko. Horrek ez du esan nahi gazteak gogotsu ez gaudenik, benetan nabari dugulako bizirik gaudela, euskal musikak bizirik jarraitzen duela, askori hori gustatu ez arren. 

Zer dela eta Zetalau izena? Zer esan gura du?

Gure lehenengo egunetan sortu genuen izena. Entsegu-lokaletik irten eta aldizkari bat eskuan hartuta taldeari izena jartzea erabaki genuen. Nola? Aldizkaria edozein orrialdetan zabaldu eta bertan zegoen irudi edo hitzekin taldearen izena sortuz. Aldizkaria zabaldu, eta C-4 lehergailuaren argazki bat atera zen. C-4 hitza euskarara pasatu genuen eta Zetalau izena garatu genuen. Gainera, diskoaren izenarekin (Heriotza zigorra) lotura estua daukan hitza da baita ere. 

Getxoko Txorimalo gaztetxean entseguak egiten dituzuela entzunda daukat. Zelan doa kontua?

Bai, Txorimalo gaztetxean entseatzen genuen orain dela gutxira arte. Orain, egon zen lapurretaren ondorioz, beste lokal batean entseatzen dugu, gaztetxean jada ezin dugulako. Guk geuk ere lapurreta lehengo sufritu genuen, bertatik eramandako material batzuk gureak zirelako. Baina egoerari aurpegia emateko gogotsu egin dugu aurrera, eta Txorimalo gaztetxeari esker LapurFest deituriko kontzertu gaua antolatu genuen, lapurretaren diru-galerari aurre egin ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun