Elkarrizketak

Mikel Moreno ‘Peyejo’: “Gure helburua beti izan da egiten genuen bidaia bakoitza azkena izatea, eta badirudi hori lortze bidean gaudela”

Mikel Moreno 'Peyejo' Huelvarainoko bidaia egiten ibili da urteotan Mirentxin Gidariak boluntario sareko furgonetagaz.

Euskal presoen dispertsioa pairatzen duten senideen zama arintzeko asmoz sortu zen Mirentxin Gidariak boluntarioen sarea. Mikel Moreno Peyejo algortarra izan da ekimen horretako gidarietako bat eta, gogoratzen duenez, hasiera-hasieratik, egindako bidaia bakoitza azkenengoa izateko gogoz irteten ziren errepidera. Bere kasuan, 2021eko uztailean egin zuen azkenengo joan-etorria, milaka kilometro atzean utzita; izan ere, 2022ko urtarrilean Mirentxin Gidariak ekimena disolbatzeko hautua hartu zuten horren arduradunek.

Noiz hasi zinen Mirentxin Gidariak boluntarioen sarean, eta noiz arte ibili zara bertan?

2014 edo 2015aren bueltan batu nintzen ekimenera; hasiera batean, Algortako jende batekin bildu eta Bilboko taldeak zituen bidaia batzuk egiten hasi nintzen. Hala ere, handik gutxira, talde propioa sortzea erabaki genuen, eta halaxe ibili gara ekimena desegin den arte.

Zergatik erabaki zenuen ekimenera batzea?

Dispertsioak sortzen dituen arazoak ikusita, horri aurre egiteko nire aletxoa jartzeko modu bat ikusi nuen; senideek pairatzen zituzten arazoak leuntzeko edo, hain zuzen. Bestalde, Uribe Kostan presoen aldeko kontzientzia bat egon denez beti, ekimen honen bitartez, dispertsioaren nondik norakoak ezagutarazteko eta horrek dakartzan ondorioak gizarteratzeko modua izan zen hau. Azken finean, gurekin gidatzen hasi zen jende askok dispertsioaren ondorioak esperimentatu zituzten bidaien bitartez; hau da, ostiral goizean irten, eta gauerako bueltatu, ia 2.000 kilometro gidatu ostean.

"Gurekin gidatzen hasi zen jende askok dispertsioaren ondorioak esperimentatu zituzten bidaien bitartez"

Zein zen, bada, Mirentxin Gidariaken funtzioa?

Dispertsioak senideengan eragiten zuen zama nolabait arintzea zen helburua. Bisitak egiteko bidaiak egin behar zirenean, ezinegona, urduritasuna eta beldurra izaten zuten senide askok; hala, horien segurtasuna bermatze aldera, gu, gidariok, geunden. Beti joaten ginen bi, txandakatzeko bidaia luzeetan. Horrek bermatzen zuen senideek milaka eta milaka kilometro bakarrik gidatu behar ez izatea, horrek dakartzan arrisku guztiengatik. Izan ere, urteotan guztietan hamaika auto-istripu egon dira dispertsioaren eraginez.

Bestalde, arazo orokor bati erantzun kolektibo bat emateko modu bat zen Mirentxin Gidariak. Senideek beren aldetik joan beharrean, furgoneta batean batzen genituen, eta espetxeetara eramaten genituen, batera. Horrek, gainera, ekonomikoki onura bat zekarren, ez delako berdina bederatzi pertsona elkarrekin edo bakoitza bere aldetik egitea joan-etorria; lehenengo aukera merkeagoa da. Izan ere, gogoratu behar da, dispertsioaren eraginez, senideek izugarrizko karga ekonomikoari aurre egin behar izan diotela urteotan senide preso bat edukitzeagatik.

Zure kasuan, nora egiten zenituen joan-etorriak?

Gure taldeak Huelvako espetxearen ardura zuen, eta, orduan, guk astero egiten genituen bidaiak hara. Uribe Kostan herriz herri antolatu ginen, eta herri bakoitzak bere datak antolatu behar zituen.

"Dispertsioaren eraginez, senideek izugarrizko karga ekonomikoari aurre egin behar izan diotela urteotan senide preso bat edukitzeagatik"

Hala, zenbateko maiztasunarekin egiten zenituzten bidaiak?

Taldearen arabera; astero egiten genituen bidaiak, eta herri edo talde bakoitza bere modura antolatzen zen. Horren arabera, talde batzuk gidari asko zituzten, eta urtean bat edo bi aldiz gidatzeko ardura zuen, baina, beste batzuetan, jende gutxiago izatearen ondorioz, gidari batzuk maiztasun ezberdinekin egin behar izaten zituzten.

Gutxi gora behera, zenbat gidari zituen sareak eskualdean?

Ez daukat argi, baina 80-90 inguru. Esan bezala, herri edo talde bakoitzaren egoera ezberdina zen.

Daborduko, Mirentxin Gidariak ekimena disolbatu da. Zelan jaso duzu erabaki hori?

Disolbatzeko sortutako ekimena izan da, hasiera-hasieratik. Dispertsioa errealitate bat izan da urte askotan, baina, azken hilabeteetan egoera asko arindu da, eta senideek jada ez dute ikusten gure beharra. Orduan, dispertsioa bukatzen ari den heinean, gu disolbatzea logikoa da. Gure leloa beti izan da “Azken bidaia izan dadila”, eta gure helburua beti izan da egiten genuen bidaia bakoitza azkena izatea, eta badirudi hori lortze bidean gaudela.

Egia da, baina, errealitate ezberdinak daudela, eta hurbilketak egiten ari direla, baina ez dakigu politika horrek bere horretan jarraituko duen ala atzera joko duten... Dena dela, gu beti egongo gara prest, behar izatekotan, errepidera bueltatzeko.

Irakurle agurgarria:

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda. Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz edo beheko botoiari sakatuz.


Izan zaitez HIRUKAlagun