Atzo okupatu zuten

Algortako gaztetxe berria hustu du Ertzaintzak

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 12a, 12:14

Euren eremu eta eskaintza soziokultural propioa sortzeko, eraikitzeko eta zabaltzeko asmoz, Algortako Sarrikobaso kaleko 11 zenbakiko eraikina okupatu zuten atzo, barikuan, udalerriko dozenaka gaztek. Hala ere, gune autogestionatu berriak gutxi iraun du, gaur goizaldean, polizia-operatibo batek gaztetxea hustu egin baitu. Gazteek ertzainen "oldarraldia" salatu eta arrastiko 17:30ean, San Nikolas plazan, kontzentrazioa egingo dutela iragarri dute.

Alternatiba soziokultural propioak sortzen, eraikitzen eta zabaltzen jarraituko dutela iragarri zuten atzo, barikuan, dozenaka gaztek Algortan okupazioaren aldeko manifestazio batean, "guk egiten ez dugun bitartean ez duelako beste inork egingo". Hala, mobilizazioa bukatu eta gutxira, hainbat urtez hutsik egon den Sarrikobaso kaleko 11 zenbakiko eraikin zaharra okupatu eta bertan gaztetxea egingo zutela iragarri zuten.

Halere, gune autogestionatua udalerriaren erdian izatearen ametsak ez zuen asko iraun, sartu eta berehala jasandako poliziaren presentziak iragar zezakeen bezala.

Izan ere, iluntzea lasaia izan zen arren, goizaldea ez da halakoa izan. Goizeko 06:00ak aldera, hainbat polizia-patruila bertaratu dira gune autogestionatu berrira, errepidea alde bietatik moztuta, eraikina hustu eta zigilatu guran. Bertan, baina, dozenaka gazte zeuden zain, eta hori ekiditeko eserialdia egin dute, okupatutako eraikinaren kanpoaldean. Handik gutxira, Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko sei furgoneta gerturatu dira eta, banan-banan, protestan zeuden gazteak kanporatu dituzte. Une horretan, oldarraldiak bizi izan dira eta, gazteek salatu dutenez, ekintzaileetako bat zauritu dute buruan, borra bategaz kolpatuta. "Bertaratu diren osasun-zerbitzuek artatu behar izan dute", deitoratu dute.

Eserialdia desegin ondoren, eraikinaren barruan zeuden ekintzaile biak kanporatu dituzte ertzainek, eta baita identifikatu ere. "Okupazio-delitua egotziko dietela jakinarazi diete, eta prozesua abiatuko dutela", azaldu dute gazte mugimenduko kideek.

Kontuak horrela, gaztetxea hustuta eta zigilatuta argitu du egunak eta, hori salatzeko asmoz, kontzentrazioa egingo dute gazteek gaur, zapatuan, arrastiko 17:30ean, San Nikolas plazan.

Manifestazioaren ondoren gazteek irakurritako oharra, osorik:

Gazteok sutan gaude.

Urteak daramatzagu Getxoko udalaren politikekin erreta, eta azken garaian bizi izan dugun pandemia egoerak ez du gar hori hedatu besterik egin. Langabezian ez dagoen gaztea, lan prekarioetatik ihes egin ezinik dabil. Lan horien soldata urri, lan ordu extra zein kontratu ezek kiskali egin dituzte gazteok herrian bizi-proiektu duinak eraikitzeko zein emantzipatzeko ditugun esperantza guztiak, eta jadanik suminduta gaude.

Aipatutakoak ez dira arazo berriak, krisi ekonomiko batean hezitako belaunaldia gara, eta ez dugu inolako zalantzarik: gutxi batzuen mesedetan dihardute aspaldiko su horiek itzali gabe.

Bestalde, krisi ekonomiko horri ezinbestean gehitu behar diogu azken urteotan egoera pandemikoaren ondorioz zuzenean gazteok kolpatzen gaituen krisi soziala. Gazteok kriminalizatu gaituzte, gazteoi egotzi digute osasun egoerak okerrera egitearen ardura, gazteon atzetik bidali dute polizia eta gazteok bete gaituzte isunez. Ez da kasualitatea, pandemiaren kalte-ordainak   gaixotasun mentalen intzidentziaren gorakadarako erregai izatea. Gure osasun mentala da jo puntuan kokatu dutena.

Egoera itogarri horren adierazlerik nabariena, pandemiaren aitzakiapean aisialdirako genituen espazio propio eta eskaintza soziokulturala murriztu izana da. Saldu nahi izan diguten aisialdi eredua kontsumo hutsera bideratuta dago, eta horrek ez du gurearekin bat egiten.

Kezka horiek plazaratzeko, joan den ostegunean, hilaren 27an, Udaleko osoko bilkuran egon ginen gazteon ahotsa gertutik entzun zezaten. Gure harridurarako, Udalak gurekin biltzeko nahia adierazi zigun, aipatutako problematikei buruz aurrez-aurre hitz egiteko. Ate hori zabalik utziko badugu ere, ez gara beraien zain egongo, esperientzian oinarrituta jakin badakigulako kea saltzen ari direla eta beraiek izan direla beti ate guztiak itxi dizkigutenak.

Gazteak erreta gaude bai, eta bada ordua errauts horietatik su berriak piztu eta horiek hauspotu, indartu eta hazteko. Gazte mugimenduak hamarnaka urte daramatza su txikiak piztu eta elikatzen, kontsumo eredu berriak sortzen, aisialdirako eta antolakuntzarako espazio propioak eraikitzen. Horretan gabiltza gazte txosnan, aisialdi taldeetan, talde feministetan, euskara elkarteetan, gaztetxeetan, dantza eta kirol taldeetan, musika talde eta tokian toki sortzen diren auzo elkarte, jai batzorde eta gainontzeko proiektuetan.

Lan handia egin dugu gure su txikiak handi bihurtu eta erresistentzia espazioak eraikitzeko. Eta horretan jarraituko dugu: alternatiba propioak sortzen, eraikitzen eta zabaltzen, guk egiten ez dugun bitartean ez duelako beste inork egingo. Txinparta berriak pizten, ez gaudelako inoren zain.

ZUEK UTZITAKO ERRAUTSETATIK SU BERRIAK PIZTUKO DITUGU

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun