Algortako hainbat gaztek astelehenean okupatu eta barikuan gaztetxe gisa aldarrikatu zuten eraikina desalojatu eta zigilatu zuen Ertzaintzak zapatu goizaldean. Egun horretan bertan, arrastian egindako kontzentrazioan, polizia-operazioa gogor salatu zuten gazteek Algortako San Nikolas plazan. Bertan, Udalak eurakaz berba egiteko proposamena gogoratu zuten, baina, deitoratu zuten: "Udalak, duela bi aste gurekin hitz egin nahi zuenean, kolore guztietako poliziak bidali ditu hitz egiteko inolako aukerarik eman gabe".
Ildo horretan, ertzainen jarrera ere salatu zuten: "Gauez etorri dira, ezkutuan, ez direlako auzokoen eta herritarren begiradapean gazteak jipoitu, zauritu, identifikatu eta multatzen ausartzen".
— Gazteon Amarauna (@gazteonamarauna) February 12, 2022
Okupatutako eraikina "hondamendi-egoeran" dago, eta hainbat urtez egon da hutsik, inguru horretan zer egingo duten zain. Egoera hori baliatuta, poliziek, gazteen "segurtasuna" bermatzeko asmoz, eraikina hustu eta zigilatzeko agindua jaso zuten. Horren harira, baina, gazteek deitoratu zuten ez zutela ankerkeriaz jokatzeko beharrik: "Zaurituetako bati anbulantziako erizainak esan dio zeramatzan hiru txanoak eraman ezean burua apurtuta lukeela jasotako kolpeekin. Eta bai, hala aritu dira, ezkutu eta borrekin jo gaituzte, lurrean geundenean kolpeak ematen jarraitu dute, erresistentziarik ez zegoenean kargatzen jarraitu dute". Era berean, salatu zuten hainbat gazte identifikatu zituztela, bertatik alde eginda zeudenean ere: "Portaletaraino jarraitu eta identifikatu egin gaituzte".
Atzo Algortan okupatutako #gaztetxea "modu ilegalean" hustu eta zigilatu dutela salatzen ari dira uneotan dozenaka gazte San Nikolas plazan.
— Iker Rincon (@irincon_) February 12, 2022
Gaztetxe baten beharra aldarrikatu dute gaur ere. pic.twitter.com/NlzRZepG3w
Hori dena azaldu ondoren, desalojoa "ilegala" izan zela uste dutela azpimarratu zuten San Nikolas plazan bildutakoek. Era berean, erresistentzia baketsua egin zutela azpimarratu zuten: "Haiek izan dira gu zauritu gaituztenak".
Azkenik, Sarrikobaso kaleko 11 zenbakiko eraikina hustuta eta zigilatuta dagoen arren, "amesten dugun herria" eraikitzen jarraituko dutela iragarri zuten, "guretzako baliagarriak diren proiektuak sortzen. Eraikin horretan edo beste edozeinetan, baina gure ilusioz piztutako suek bizirauten jarraituko dute. Hau hasi baino ez da".