Bigarren gradua

Iñigo Gutierrez algortarrari gradua aldatu eta espetxeratu dute berriro ere

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 15a, 08:34

Iñigo Gutierrezen eta Maria Lizarragaren alaba Izadiren aldeko elkarretaratzea. © IZADI GURASOEKIN ETXERA

Espainiako Auzitegi Nazionalak gradu erregresioa ezarri dio preso algortarrari eta, horren arabera, bigarren graduan espetxeratu dute berriro, Zaballako espetxera hirugarren graduan hurbildu eta aste bi eta erdira. Erabaki hori deitoratzeko asmoz, manifestazioa egingo dute barikuan, hilaren 18an, Algortan.

Duela aste bi eta erdi, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen hirugarren gradua onartzea Iñigo Gutierrez preso algortarrari. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako epaileak atzo, astelehenean, presoaren bigarren gradurako erregresioa ezarri zuen. Naiz agerkari digitalak zabaldutako informazioaren arabera, horren arrazoia izan da ETAren biktimei barkamena modu "argi eta gardenean" eskatu ez izana.

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Gutierrez hirugarren gradura igaro izanaren arrazoietako bat da bere hiru urteko alaba Izadi zaindu behar izana. Izan ere, joan den urtarrilaren 23an, hiru urte bete zituenean, aita eta amagaz (Maria Lizarraga, gaur egun Zaballan dago preso) bizi zen espetxea utzi behar izan zuen Izadik. Erabaki horren ondorioz, neskatoa aita eta ama barik geldituko da kalean; gainera, Etxerat taldeak gogoratu du Gutierrezi bost hilabete besterik ez zaizkiola falta bere kondena osoa betetzeko: "Bere zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2019an, eta hamalau urteko espetxe-zigorra osorik beteko du datorren uztailean. Nahiko arrazoi dira honako hauek Iñigo Gutierrez dagoeneko kalean egoteko". Ildo horretan, Etxerat-ek nabarmendu du "legeria arrunta" aplikatuta, "aspaldi aske egon beharko luke".

Protesta, Algortan

Datorren otsailaren 17rako, eguenerako, Gutierrez eta Lizarragaren egoeraren inguruko berbaldia antolatuta zegoen Algortan, Villamonte kultur etxean. Hala ere, atzoko gertakarien ondoren, hura bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, "informazio gehiago izan arte".

Bestalde, otsailaren 18an, barikuan, "Salbuespen neurriak STOP. Etxerako bidean oztoporik ez!" lemapean, manifestazioa egingo dute Algortan, 20:00etan, Telletxeko plazatik abiatuta.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun