Elkarrizketak

Bego Zorrozua eta Javi Basarte: "Aurrean izango gaituzte liztor koxkor bat bezala"

Ander Zarraga 2022ko ots. 16a, 09:00

Pentsiodunen mugimenduak 2018ko urtarrilean hartu zuen indarra, erretiroen % 0,25eko igoera iragartzen zuen gutun famatuaren harira. Duintasuna eta jarraikortasuna izan dira ordutik mantentzen duten borrokaren ikur nagusiak. Getxoko mugimenduko eta Onekako partaide bigaz izan da HIRUKA borroka-urteotako balantzea egiteko.

2018an hasi zineten kalera ateratzen, baina, ordutik, elkarte gisa egituratu zarete leku askotan. Nola gauzatu zen Getxoko elkartea?

JAVI BASARTE: Guztia pentsiodunoi bidali ziguten gutun famatu haren kontura hasi zen: esan ziguten pentsioak % 0,25 igoko zituztela, urtean 32,2 euro inguru. Urtez urte bizitza garestitzen doa, eta aurretik egindako mozketak kontutan hartuta, konturatu ginen hori ez zela nahikoa modu duin batean bizitzeko; batez ere, kontuan hartuta oso gutxi direla 1.000 eurotik gorako pentsioa jasotzen duten jubilatuak. Horrek mugimendu orokor bat sortu eta pentsiodunen plataformak sortu ziren udalerrietan; borrokatzeko elkartu behar ginen, eta eskari ofizialak eta horrelakoak egiteko elkartea sortu behar genuen. Horren harira, Getxoko Pentsiodunen Elkartea osatu genuen; antolatzeko modu bat izan zen, batez ere.

BEGO ZORROZUA: 2019an sortu genuen elkarte ofizialari esker oihartzun gehiago lortu dugu, eta erakunde publikoek ere jaramon gehiago egitea lortu dugu. Udalarengana jotzen dugunean, kasu gehiago egiten digute; norbanako moduan joango bagina, nahiz eta eskubide osoa izan, ez genuke erantzun bera jasoko. Beraz, elkartea osatzea erabaki genuen benetan arduratzen gaituzten arazoetan ardatza jarri ahal izateko: Getxon egin daitezken hobekuntza sozialetan eragiteko, hain zuzen.

COVID-19aren izurriteak bete-betean harrapatu zintuzten protesta jendetsuenak egiten ari zinetenean. Nola eragin dio horrek mugimenduari?

B.Z.: Pandemiak izugarrizko beldurra eragin digu guztioi, baina bizitzeko modu bat bezala hartu dugu; ohitu egin gara nolabait. Horren ondorioz, lehen nekez ateratzen zen jende asko orain ez da ezta inolaz ere ateratzen, eta jende hori nagusia da gehienbat. Esaten dugu jende hori COVID-19aren eraginez hilko dela, baina ez gaixotasunagatik, bakardadeagatik baizik, izugarrizko arazoa baitago pertsona nagusien artean.

Bego Zorrozua Getxoko onekako arduraduna: "Errealitate asko daude Getxon, eta guk kanpaina indartsuak egiten ditugu jendea erakartzeko, baina herritarrak mobilizatzea asko kostatzen zaigu"

J.B.: Bai, guztiz harrapatu gintuen. Pentsa, Toti Martinez de Lezea idazleagaz konferentzia bat geneukan prestatuta Algortako Villamonte kultur etxean, baina egun horretan bertan itxi zuten guztia, eta jendea etxera bidali behar izan genuen. Hala ere, ordutik lan asko egin dugu: berbaldiak, batzarrak eta mobilizazioak; beraz, dena ez da geldituta egon.


 

Emakumeak dira pentsiodunen artean baldintza txarrenak pairatzen dituztenak; hori ikustarazteko, Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionisten Elkartea sortu zenuten. Zerk eragiten du emakumeak izatea kasu honetan ere kolektiborik zaurgarriena?

B.Z.: Kontutan hartu behar dugu nondik gatozen, gaur egungo egoera lehendik datorrela hein handi batean. Arrakala izugarria dago emakumeen eta gizonen artean: zaintza gure gain uzten jarraitzen da beti, lehen emakumeak lana utzi behar zuten ezkontzen zirenean, eta, gaur egun, lanean daudenak kontratu txarragoak izan ohi dituzte, eta seme-alabez eta etxeko gauzez ere arduratu behar dira. Kontua da pentsio oso baxuak dituzten emakume asko daudela, bakarrik bizi direnak gainera; beste askok pentsio nahikoa jaso arren, seme-alabak etxera bueltatu behar izan zaizkie, lana galdu dutelako; beraz, 800 eurorekin familia osoa mantendu behar dute. Arazo horiek ikustarazteko eta gu ahalduntzeko Oneka sortu genuen, iruditzen zaigulako gaur egun, oraindik, bidegabekeria sozial izugarria jasaten dugula emakumeok.

Zuek Getxoko Pentsionisten Elkarteko kideak zarete. Zeintzuk dira bertako ezaugarri bereizgarriak?

B.Z.: Askotan esan da Getxoko pentsionistek kobratzen duten bataz bestekoa oso altua dela, baina 400 euroko pentsio minimoa jasotzen dituzten pertsona asko daude. Baina lotsagatik edo zer esango dutenaren beldur direlako ez dira mobilizazioetara etortzen. Elkartzen garenok ez gara pentsio txikienak ditugunak, eta erretiro maximoa kobratzen dutenek esaten digute ez direla ausartzen manifestazioetara etortzen, baina guk esaten diegu gutxien kobratzen dituztenen alde borrokatu behar dutela eurek ere. Errealitate asko daude, eta guk kanpaina indartsuak egiten ditugu jendea erakartzeko, baina herritarrak mobilizatzea asko kostatzen zaigu. Une honetan hori da gure lehendabiziko helburua: jende gehiago erakartzea mobilizazioetara.

Sopela eta Berangoko mugimenduakaz aitzindariak izan arren, elkartea sortzeko orduan egondako eztabaidengatik Uribe Kostako Pentsiodunen Plataformatik ateratzea erabaki eta Getxoko elkartea sortzea erabaki zuten. Hala ere, oraindik atea irekita dagoela eta elkarlanean jarraitzeko prest daudela adierazi dute.

Beste gatazka sozial batzuetan ere inplikatu zarete. Horrek beste ikuspuntu bat eta indar gehiago eman die?

J.B.: Bai, guk beste hainbat mugimendu ere babesten ditugu, hala nola osasun publikoaren aldeko mobilizazioetan egon gara, eta, orain, denon ahotan dagoen lan-erreformaren harira ere mobilizatu gara. Pentsatzen dugu gure interesen kontra ere doala erreforma hori, eta guri ere eragingo digula, besteak beste, enpresek izango dituzten zerga-onuren bitartez diru gutxiago batuko delako eta gizarte segurantza kaltetuko dutelako. Gastuei aurre egiteko nonbaitetik atera beharko dute dirua; zer egingo dute, pentsioen kutxatik hartu berriz ere?

Getxoko Udalari ere hainbat erreklamazio egin dizkiozue. Nolako harremana mantentzen duzue?

B.Z.: Getxoko Udalari hainbat proposamen egin dizkiogu, bai, besteak beste, autonomoak eta bakarrik bizi diren pertsonei laguntzeko zerbitzu bat sortzeko eskatu diegu; bakardadean bizi den jendearen egoera aztertzea eta konponbideak bilatzea, hain zuzen. Horren harira, Udalak lizitazio prozesu bat atera zuen ikerketa bat egiteko. Apur bat mesfidati gaude horrekin, iazko martxoan egin genielako eskaera eta zerbait egin duten arren ez direlako gehiegi mugitu. Horretaz gain, aurrez aurreko arreta emateko leihatila bat ere eskatu genien.

J.B.: Udalerri guztietan egin zen bezala, mozio bat aurkeztu genuen udalak gure alde jar zitezen eta gure aldarrikapenak babes zitzaten, baina, Getxon, EAJk eta PSE-EEk gure mozioa baztertu zuten. Beraiek partzialki onartzeko aukera proposatu ziguten, baina gu ez ginen hautabide horregaz ados egon, eta mozioa ez zen aurrera atera. Beste udalerri batzuetan ez zen hori gertatu, eta mozio bera onartua izan zen.

Azkenaldian, batez ere, bankuakaz zuzeneko arreta ez desagertzeko eskatzeko borrokan aritu zarete. Jaramon egin dizuete?

J.B.: Banketxeak jende nagusiari estortsioa egiten ari dira: sukurtsalak eta kutxazain automatikoak kentzen ari dira eta, lagundu beharrean, dena internetez egiteko esaten digute. Hala ere, badirudi Espainiako Gobernuari presioa egiten ari direla, bankuek adineko pertsonei laguntzeko prozedura bat ezar dezaten. Gure aldetik, Getxoko banketxeetara joan ginen gutun bategaz, jende nagusiari egiten zaion arretaren inguruan erreklamazio bat egiteko, ilara izugarriak egiten baitira kale gorrian.

B.Z.: Dena interneten bidez egitera behartu gaituzte, baina guretzako hori ez da balizkoa, guk aurrez aurrekoa exijitzen dugu, askotan seme-alaben laguntza behar dugulako horiek erabiltzeko. Gainera, horretarako, internet eta gailu adimendun bat edo ordenagailua izan behar dituzu, eta 400 euroko pentsioa duen pertsona batek nola ordainduko ditu gauza horiek?

Javi Basarte: Getxoko Pentsionisten elkarteko idazkari nagusia: "Askori entzun diet esaten beraientzat ez dela pentsiorik egongo. Horrelako pentsamenduarekin eta borrokatzeko kontzientzia barik ez dugu ezer lortuko"

Beste belaunaldi gazteagoetako jendea erakartzeko helburua ere duzue. Lortu duzue?

B.Z.: Azkenaldian hori ari gara lantzen. Gazte gutxi etorri ohi da gure manifestazioetara, baina gero eta gehiago direla esango nuke; kontzientzia hartu dute eta ikusten hasi dira beraiek ere pentsiodunak izango direla egunen batean. Gainera, beste mugimendu batzuetatik ere deitzen gaituzte ekintzetan parte hartzeko. Adibidez, Onekari esker mugimendu feministarekin zegoen arrakala hori kentzea eta elkarrekin gauzak egitea lortu dugu, aurretik ez genituelako emakume nagusiak ordezkatuak ikusten. Bestalde, uste dut gazteek arazo nahiko dituztela lan prekarioekin, ikasten etorkizun bat izateko eta beraientzako etxebizitza bat lortzeko. Bizitza bat eraikitzen saiatzen dira, baina ez daukate aukerarik modu duin batean bizi ahal izateko. Horrek ez du esan nahi ez dutenik gure borroka babesten. Jendea kontzientzia hartzen ari da, baina, denak bezala, horrek ere bere denbora beharko du. Gainera, orain datozen belaunaldi gazteak beste indar batekin datoz; batez ere feminismoaren arloan ikusten dut hori.

J.B.: Badirudi gazteagoa den jende askok, batez ere 40 urte inguruan dabiltzanak, uste duela kontu hau ez doala beraiekin; askori entzun diet esaten beraientzat ez dela pentsiorik egongo. Horrelako pentsamenduarekin eta borrokatzeko kontzientzia barik ez dugu ezer lortuko. Gure belaunaldia hainbat mugimendu eta borrokatan egon da sartuta, eta, orain ere, horretan gabiltza. Egia da denetarik dagoela, baina, oro har, jende gazte gehiena amorfo dago, baita jende nagusi asko ere; jende horrek klase-kontzientzia hartu behar du, besteak beste, biharko pentsioen alde borrokatzeko.

Nola ikusten duzue etorkizuna; borrokan jarraituko duzue?

B.Z.: Noski baietz. Baina nahiko urte gogorra datorkigula pentsatzen dut, beraz, kalean jarraitu beharko dugu beste behin. Hala ere, nik uste dut gero eta mugimendu sozial gehiago elkartzen joango garela, nolabaiteko fusioa egongo dela, eta, horrek, nahitaezko aldaketa bat eragingo duela gizartean. Horretarako, borrokatzea eta lan egitea guztiz beharrezkoa da, eta gu prest gaude. Oneka moduan Euskal Herri mailan asko mugitzen ari gara, gero eta jende gehiago erakartzen ari gara; beraz, lehen ausartzen ez ginen gauzak egiten hasi gara, emakumeak ahalduntzen jarraitzen dugu.

J.B.: Lanean eta borrokan jarraituko dugu. Gure belaunaldia aldarrikatzailea izan da, eta borrokatzen jarraitzeko arrazoi asko daude oraindik. Komunikabideetatik ere desagertu gara hein handi batean; ez dugu lehen geneukan presentzia, baina guk hor jarraituko dugu. Hasieran, Bilbon egindako manifestazio jendetsuenetako batean hainbat komunikabidek egin zidaten elkarrizketan esan nuen bezala, "aurrean izango gaituzte liztor koxkor bat bezala". 

Aldarrikapen eta helburuak:

  • Pentsionisten mugimenduak hasieratik finkatu zuen pentsio-sistema publiko, duin eta justu baten alde borrokatzeko helburua. Horretarako, hasieratik argi eta garbi izan dituzten aldarrikapenak mantendu dituzte:
  • 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen alderdi erregresiboak indargabetzea.
  • Lan-erreforma indargabetzea.
  • Pentsioen errebalorizazio automatikoa, legeak bermatutako KPI errealaren arabera gutxienez.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
  • Lanbide arteko gutxieneko soldata: 1.200 euro.
  • Soldatetan eta pentsioetan dagoen generoen arteko desberdintasunakaz amaitzea.
  • Erretiro aurreratua penalizatu gabe.
  • Koordainketa sanitarioa eta "medikamentazioa" indargabetzea.
  • Pobrezia energetikoa desagerraraztea.
  • Pentsiodunen parte-hartzea eragiten dieten erabakietan.

Horretaz gain, emakume pentsiodunak ordezkatzen dituen Onekak, aipatutako aldarrikapenei gehitzen zaizkien bere helburu propioak ere baditu:

  • Emakume nagusien pobrezia salatzea.
  • 65 urtetik gorako emakume guztientzat 1.080 euroko pentsioa.
  • Emakume nagusien aurkako indarkeria, infantilizazioa eta informazio eza salatzea.
  • Emakume nagusiak subjektu politikoak bihurtzea.
  • Heriotza duina izateko eskubidea aldarrikatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun