Elkarrizketak

Maitane Sarralde: "Sokak ematen duen grabitate-falta baliatu dut zerbait poetikoagoa eta garaikideagoa egiteko"

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 17a, 09:45

Algortako Muxikebarri Antzokiaren kanpoaldean topatu dugu Maitane Sarralde dantzari getxoztarra, barikuan, hilaren 18an, agertoki horretan bertan estreinatuko duen dantza-ikuskizunerako prestaketa-lanetatik ihesi, deskantsatu guran. Desªanuda ikuskizunaren sortzailea da bera, baita interpretea ere. Hala, lan biak egiteak gainezka egin diola diosku, baina estreinaldirako gogo betez dagoela aitortzen du. Barrura sartu, taulara hurbildu, eta egitura flotatzaile bategaz egin dugu topo; gutxira, bertatik zintzilik dauden elementuakaz elkarreraginean, dantzan jarri zaigu Sarralde, hainbat diziplina nahastuz.

Desªnuda izeneko dantza-ikuskizuna estreinatuko duzu bihar, otsailaren 18an. Zertan datza lan hori?

Hitz biren arteko joko bat da izenburua: goiko -a- jarrita edo kenduta, desnuda edo desanuda irakur daiteke. Ikusarazi nahi dudana da zelan joan gaitezkeen korapilo bat desegiten, biluzik gelditu arte. Hau da, gazteleraz horrelakoa litzateke prozesua: cómo pasar del nudo, desanudo, al desnudo.

Kasu honetan, biluztasuna ulertuta zaurgarritasun- eta hutsari entregatzeko puntu gisa, pretentsiotik irten, kontrolari atxiki eta fluxuari entregatzekoa.

Oso lan pertsonala dirudi; nondik dator mota honetako ikuskizun bat egitearen ideia?

Bai, nik dantza eta antzerkia ikasi ditut, eta beti ibili naiz lanean konpainiekin, dantzan edo antzerki-lanetan. Halere, horietan ezin nuen nik zelan ulertzen dudan dantza garatu; nire burua ezagutzeko grina nuen, dantzari eta sortzaile modura. Hala, horretarako aukerarik ez dudanez izan konpainietan, Getxoko Wanted ideien lehiaketara nire proposamena aurkeztu nuen orain dela hiru urte, eta hori garatzeko diru-laguntza eman zidaten.

Horri esker hasi nintzen honi forma ematen, pandemiaren itxialdia heldu zen arte, eta dena hankaz gora jarri zitzaidan, baita hasierako ideia aldatu ere. Hasierako grina horrekin jarraitzen nuen, nire burua dantzari moduan ezagutu nahi nuen, baina ez nekien zer egin.

Zer egiteko jira-bira horretan gauza askori ematen nizkion bueltak, eta, halako batean, esan nion nire buruari: "oinarritu zaitez erabiltzen duzun materiara, hau da, sokara". Eta, horrela, korapiloen ideia etorri zitzaidan. Ondoren, Menorcara joan nintzen erresidentzia bat egitera, hilabetez, eta bertan landu nituen korapiloak, pendulua, eta horren bitartez sortzen diren inertziak; asko interesatu zitzaidan hori dena, eta hortik abiatu nintzen.

"Dantza-bertikala transformatu nahi izan dut, estetika neoklasiko edo ikusgarri hori alde batera utzita"

Zeintzuk dantza-mota lantzen zenituen Desªnudan murgildu aurretik?

Denetarik. Kirol Zientziak ikasi nituen hasieran, eta inoiz ez dut pentsatu dantzari moduan biziko nintzela. Baina, honetan murgildu ondoren, unibertso handi honetan erori naiz. Etortzen joan zait, ez dut bilatu. Hala, lan egin izan dut kabaret batean, estilo guztiz ezberdin batean, identifikatzen ez nintzena, ezta dantzaren nire ulertzeko moduarekin. Ondoren, antzerki konpainia batera joan nintzen dantzari, baina, azkenean, interprete moduan aritu nintzen ere, eta jarraitzen dut; horrekin beste unibertso oso bat zabaldu zitzaidan parez pare, eta antzerkigintza ikasi nuen. Halaber, dantza-bertikaleko konpainia ezberdinekin ere lanean nabil, paretetan gehienbat. Baina dantza-mota horren ohiko estetika ez zait gehiegi gustatzen, eta horri buelta bat eman nahi izan diot hemen. Dantza-bertikala transformatu nahi izan dut, estetika neoklasiko edo ikusgarri hori alde batera utzita, sotilera eta sentikorrera joateko. Horretarako, teknika hori baliatu dut, bai, sokak ematen dizun grabitate-falta hori baliatuta; zerbait poetikoagoa eta garaikideagoa nahi nuen.

Zeintzuk zailtasun izan dituzu bidean lan hau sortzeko orduan?

Hasteko, norberaren buruan konfiantza izatea, eta jarraitzea. Bakarrik egotea ere gogorra izan da, azken finean, lehenengo aldia da mota honetako lan bat garatzen dudana bakar-bakarrik; bidean konturatu naiz zenbateko kapak eta gauzak dauden egiteko. Prozesua, gainera, oso luzea izan da eta, halere, esango nuke denbora-falta izan dudala gauzak nahi ditudan bezala egiteko.

Bada, zer bota duzu faltan?

Talde baten laguntza eta estruktura fisiko bat izatea. Azken finean, daukadan muntaiarekin ezin naiz edozein lekutan egon, eta hori zailtasun handia da. Adibidez, hemen –Muxikebarri Antzokian, Algortan–, astebetez egon naiz teknikariekin teknika eta azpiegitura osoa lantzen, baina astebete beharrean, hilabete oso bat beharko nuke.

Getxon, zure herrian, estreinatuko duzu ikuskizuna. Zelan hartu duzu aukera hori?

Poztasun handiz, oso eskertuta nago. Lan egiten ari naizen jende guztiarekin eta Getxoko Udalak eman dizkidan hiru diru-laguntzekin –lehenengoa izan zen Wanted lehiaketan jasotakoa, bigarrena, Muxikebarrik emandakoa, eta, hirugarrena, sorkuntzarako emandakoa–; dena da eskertzekoa. Momentu honetan gainezka eta neke-neke eginda nago, baina oso pozik nago.

Barikuko emanaldiaren ondoren, beste lekuren batean taularatuko duzu Desªnuda?

Espero dut leku askotara eraman ahal izatea, bai. Baina, salmenta-kontua beste zailtasun handi bat da, eta gauzak egin ahala ikasten joango naiz. Saiatu naiz estreinaldi honetara programatzaileak gonbidatzen, baina ez dut erantzun handirik jaso. Euskal Herri osoko antzokien sareko kide guztiak gonbidatu ditut, baina bik bakarrik erantzun didate, eta ezin izango dira etorri. Halere, eskertzekoa da ate bat jotzen duzunean atzean norbait dagoela jakitea, nahiz eta ez zabaldu. Bai, hori da beste zailtasunetako bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun