Obren hasieran, materialak biltzeko hurrengo bi gune ezarri dira: Arriluzeko Markeseko bidearen aparkalekua eta Areetako Barria kaleko bateriako aparkalekua. Lanak astelehenean hasi dituzte Areeta etorbidean, Nagusia eta Adiskidetasuna kaleen arteko tartean. Adiskidetasuna kaleko oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa bertan behera geratu da, Mesedeetako kalearen eta Areetako etorbideen artean.
Bihartik, eguaztenetik, aurrera, Mesedeetako kalearen zati bat itxiko dute, Areeta etorbidearen eta Barria kalearen artekoa, eta datorren astelehenean, hilak 28, Triangelu eta Algorta etorbideko bidegurutzean hasiko dira obrak baita Zugazarte hiribidean Cervantes kaleraino ere, ingurua berrantolatuz, Algorta hiribidetik Arriluzeko markeserako bidean sartzeko erreia eta Areetako noranzkoan Arriluzeko zuzenbidetik irteteko erreia itxiz. Eremu horretan dagoen behin-behineko bidegorria itxiko dute tarte horretan, eta Kaiko bidegorriagaz lotuko dute Cisco etxearen parean (61. zk.).
Ondoren, Areeta etorbidean lan egingo dute, Adiskidetasuna eta Andres Larrazabal kaleen artean; Zugatzarte hiribidean, Andrés Larrazabal eta Pinar kaleen artean; Lertegiko bidegurutzean eta egiteke dauden gainerako oinezkoentzako bidegurutzeetan, eta obrak ekainean amaitzea espero dute, altzariak muntatuta.
Bi ezki lekualdatuko dituzte Zugatzarten
Inguruko lanak hasi dituztela aprobetxatuz, bi ezki ezegonkor moztuko dituzte Zugatzarten, 52. eta 56. zenbakien ondoan. Espedientean dauden txosten teknikoek bien egoera txarra, usteltze-maila eta egitura-osotasunik eza zehazten dituzte. Moztu ondoren, Pinar eta Zugatzarte kaleek bat egiten duten lekutik ekarritako bi ezkik ordeztuko dituzte. Ezkiak, kokapenagatik, Pinar kalearekiko bidegurutze berriaren muga berrietatik oso hurbil zeuden, eta haien adaburuek inguruko ibilgailuen zirkulazioa oztopa zezaketen.