Emakumeen ikusezintasuna salatuko du martxoaren 8ko Getxoko Udalaren “Asko geratzen da egiteko” kanpainak

Erredakzioa 2022ko mar. 3a, 13:29

Emakumeen ikusezintasuna eta emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra lortzeko geratzen den bide luzea azpimarratu gura du Getxoko Udalak. Horretarako, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, "Asko geratzen da egiteko" lelopeko sentsibilizazio-kanpaina jarriko du martxan. Horrek bost irudi erakutsiko ditu, eta kartelak 15 egunez egongo dira ikusgai.

Kanpaina bisualak emakumeen bost irudi erakusten ditu, aniztasunaren adierazpena ikuspegi intersekzionala kontuan hartuta, emakume batzuek beste batzuek baino desberdintasun handiagoak jasaten dituztelako. Informatikako pareko bat erabiliz, ekimenak azaltzen du “heteropatriarkatuak kaltetzen duela sistema”, eta horrek emakumeak bere osotasunean ikusaraztea eragozten duela. “Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta horren ondorio nagusia desberdintasuna da, historikoki emakumeen eta gizonen arteko hierarkia ezarri duena eta gure gizartea baldintzatzen duena, ikusezin bihurtzen gaituena eta agenda politikotik, ekonomikotik, sozialetik eta kulturaletik kanpo uzten gaituena. Egiturazko indarkeria eragiten duen sistema da, gure bizitzako eremu guztietan gertatzen dena eta emakumeak eremu pribatuan kokatzen dituena. Emakumeek ordaindu gabeko jardueretan denbora gehiago emateak ondorio larriak ditu, hala nola lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak, langabezia-tasa handiagoa eta lan-okupazio txikiagoa… Feminismoa sisteman ezarriz bakarrik izango gara gai patriarkatua desaktibatzeko; horregatik, berdintasunerako politika publikoak ezarri behar ditugu”, azaldu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak .

Bere aldetik, Amaia Agirre alkateak azpimarratu duenez, "aurten ere, Udalak emakumeei historikoki usurpatu izan zaizkigun eskubideak lortzearen aldeko aurrerapauso guztiak gogoratu eta aldarrikatu nahi ditu. Emakume guztien esfortzua eta elkarlana beharrezkoak izan dira berdintasun politikak agendan bere tokia izateko. Hala ere, aurrerapausoak lortu arren, oraindik ibilbide luzea dugu emakume eta gizonen berdintasun eraginkorra lortzeko, eta horregatik kanpaina hau bidean jartzen dugu berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte batean bizi nahi dugulako”.

Kartelak 15 egunez egongo dira ikusgai hainbat puntutan, eta, gainera, 25.000 orri-markatzaile banatuko dituzte udal-egoitzetan, elkarteetan, saltokietan, etab.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun