"Nazkatuta gaude!". Adierazpen horregaz salatu zuten atzo San Nikolas plazan bertaratutakoek joan den zapatu goizaldean, plaza horretan bertan, izandako eraso homofoboa. Deitoratu zutenez, mota horretako erasoak ez dira gertakari isolatuak, "indarrean dagoen heteroarauaren ondorioa" baizik. Ildo horretan, azpimarratu zuten heterosexualitatea norma bat dela: "Ez da desiraren orientazio soila, inposizioa baizik". Hala, arau horretatik kanpo kokatzen diren desira, gorputz eta identitateak zigortu egiten direla deitoratu zuten. "Eraso hauek heteroaraua bere horretan mantentzeko sistema honek dituen mekanismoak dira".
Zapatuan Algortako eraso homofoboa salatzeaz gainera, Leioan izandako eraso matxista ere kondenatu zuten –hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Leioan bertan, 20:00etan, Boulevardean–. Hala, erasoak jasan dituztenei euren elkartasuna adierazi eta erasotzaileei mezu argi bat bidali gura izan zieten: "Aurrean izango gaituzue! Kaleak eta gaua gureak dira!".