Ordutik, hainbat lanetan ibili da han, hala nola ostatu bateko harreragile edo bitxi-denda bateko arduradun gisa. Duela urtebetetik, aldiz, bitxigintza-marka batentzat dabil produktuak diseinatzen eta sortzen. "Oso gustuko dut nire lana, diseinuak sortzeko askatasuna dudalako eta gaitasun artistikoak garatzeko aukera ematen didalako". Halere, aitortu duenez, hilabete batzuk barru Euskal Herrira bueltatzeko asmoa du.
Dioenez, orokorrean, abentura, natura eta animaliak ikustera joaten dira turistak Costa Ricara; "nagiak, iguanak, tukanak eta congo-tximuak ikus daitezke egunero hemen". Bera bizi den Puerto Viejo herriari dagokionez, surfa maite dutenentzat toki paregabea dela dio, "arrezifeen artean sortzen den Salsa Brava izeneko olatu famatua baitago hemen". Herri txikia izanik ere, gainera, giro handikoa da. "Gauero, musika zuzenean entzuteko eta dantzatzeko tabernak daude. Jai giro paregabea dago". Musikari helduta, calipso-a da tipikoa han, eta reggae, dancehall eta soca motako doinuak bazter guztietan entzun daitezke baita ere.
Jan-edanari helduta, kokoa da hango protagonista. Plater tipikoenak dira rice and beans edota ron don zopa, "biak koko esne naturalarekin kozinatuta". Zukuak ere edonon eta edonoiz edan daitezke han, "tamarindo, hiel edo flor de Jamaica izenekoak dira ezagunenak".
Eguraldiari dagokionez, eguzkia eta beroa nagusi dira Costa Rican eta, ondorioz, "beti izerditan egotera ohitu behar zara". Halere, eurite-sasoiak ere baditu, abendu-urtarrilean eta uztail-abuztuan. "Garai horietan itsasoak gora egiten du, eta surfa egiteko sasoi onak dira. Esperientzia polita eta ezberdina izan daiteke edonorentzat herrialde hau bisitatzea".