Datorren barikuan, apirilaren 1ean, 19:00etan Mi pequeño gran samurái dokumentala aurkeztuko dute Romo Kultur Etxean, bezperan, martxoaren 31n ospatzen den Nazioarteko trans ikusgarritasunaren eguna dela eta. Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak adierazi du ekimenaren helburua “transexualitatea sexu-aniztasuna dela azpimarratzea da. Urteetako borrokaren ondoren, kolektiboa ikusgarriagoa da, askeagoa, mobilizatu egiten da eta harro gozatzen du. Hala ere, uste dugu oraindik ere lan handia dagoela egiteko aniztasun sexualarekiko gizarte integratzaileagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko. Sexualitatea bizitzeko eta generoa adierazteko modu guztiekiko erabateko aintzatespena eta errespetua lortu behar dugu, eta transfobia soziala ez duen gizarte batean bizitzeko lan egingo dugu. Gure ustez, funtsezkoa da ulertzea transexuala izatea giza izaeraren aniztasunaren beste adierazpen bat dela, genero-identitatea pertsona bakoitzak bere burua hautemateko duen uste pertsonal eta barnekoa baita”.
Arantza Ibarrak zuzendutako dokumentalak Ekai Lersundi trans gazteak bere buruaz beste egin eta izandako bizipenak jasotzen ditu. Bere figura nahiz Euskal Herriko beste trans askoren borroka aldarrikatzeko helburua du lanak, eta Elaxar Lersundi aitak eta Ana Martínez amaren lekukotzak ere jasotzen ditu, bai eta Naizen adingabe transexualen familien elkarteko ordezkarienak eta Ondarroako hainbat bizilagunenak ere. Filmaren zati gehienak 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zituzten. Hain zuzen, egun horretan egin zitzaion omenaldia Ekairi, bere heriotza egunetik urtebetera.
Proiekzioaren ondoren, solasaldi bat izango da Elaxar Lersundi, Ana Martinez eta Bea Sever Naizen elkarteko bozeramalearen presentziagaz.