Zelakoak dira igeriketa-proben prestaketa-lanak?
Lehiaketa osoa prestatzen dugu, baina askotariko probak daude. Berbarako, Cadizen egindako azkenengo txapelketan bizkarreko 100 metro, estiloko 400 metro, 200 metro libre eta erreleboko bizkarreko 100 metro egin nituen. Eta noski, horietako bakoitzak prestaketa-mota bana behar du, beraz, denetarik entrenatu behar dugu; egunero gauza bat egiten dugu dena egin ahal izateko.
Horietatik guztietatik, zein da gehien gustuko duzuna?
Bizkarreko 100 metrokoa, hobekien daramadana da.
Eta gutxien?
Okerren ematen zaidan estiloa braza eta tximeleta dira, ez naiz oso ondo moldatzen horietan.
Hurrengo lehiaketak
Udako Espainiako Txapelketara begira dago orain Irene Pera; gainera, Bizkaiko Txapelketan marka onak lortu nahi ditu, baita Gijonekoan ere.
Noiz eta zergatik hasi zinen igeriketan?
Nire gurasoek behartuta; eskolan nengoela, igeriketa-ikastaroetan trebea nintzela ikusi eta Fadurara ekarri ninduten. Hasiera batean ez nuen nahi, negar egiten nuen ez nuelako entrenatu nahi, baina, azkenean, asko gustatzen zait mundu hau.
Etorkizunera begira, zeintzuk erronka dituzu buruan?
Europako Txapelketara joatea; horretarako, baina, markak egin behar ditut eta Espainiako Txapelketa bezalako lehiaketetara joan.
Zenbatean behin entrenatzen duzu astean?
Sei egun astean, eta bizpahiru alditan ere goizez etortzen naiz igerilekura.
Entrenamenduak eta ikasketak uztartzea erraza egiten zaizu? DBH 3. mailan nago, eta ez zait Batxilergoko jendeari adina kostatzen.
Zer da zuretzako igeriketa?
Nire bizitzaren parte da. Errutina bat da: arratsalde guztietan entrenatzen dut, ia-ia beti. Egia da nire bizitza soziala murriztuta dagoela igeriketaren eraginez, baina ez dut alde batean utzi nahi, izugarri gustatzen zaidalako.
Non ikusten duzu zure burua urte batzuk barru?
Ez dakit, ez dut ezer buruan; momentuz Fadurako taldean jarraituko dut.