Zelan definituko zenuke zure burua; nor da Patrizia?
Arrasateko neska bat. Asko kostatzen zait nire burua definitzea, sukaldaritzari eta turismoari lotuta lan egiten dudalako bi gauza horiek ikasi barik; apur bat iruzurtia naizela iruditzen zait. Beraz, nire burua definituko nuke enpresari edo ekintzaile gastronomiko gisa.
Gastronomiari lotutako bi enpresa dituzu. Zeintzuk dira horiek?
Bai, bi proiektu dira. Alde batetik, Bilbao Food Tours, turistentzako hiru orduko ibilbide gastronomikoak egiteko Bilbon non sei-zazpi tabernatan pintxoak eta edariak dastatzen ditugun; eta, bestetik, Foodiario, Instagram kontu bat non janari osasuntsuaren inguruko errezetak partekatzen ditudan. Gainera, marka ezberdinakaz lan egiten dut bertan, eta liburuak eta ikastaroak saltzen ditut baita ere.
Nolatan okurritu zitzaizun mota horretako ibilbide gidatuak egitea inguruotan?
2016an sortu nuen, Getxora bizitzera etorri nintzenean. Donostian, adibidez, food-tours kontzeptua jorratzen duten hainbat enpresa daude, baina, Bilbon, aldiz, ez zegoen halakorik. Hala, oportunitate bat ikusi nuen, eta horri ekin nion. Azken finean, niri gehien gustatzen zaizkidan hiru gauzak jorratzen ditut horregaz: janaria, sukaldaritza eta bidaiak.
Zelan sentitzen da gipuzkoar bat Bilbo erakusten?
Apur bat txaketera, kar kar kar! Gainera, Bilbo erakusteaz gain, Bizkaiko Txakolina markagaz ere lan egiten dut. Dena dela, gogoratu beharra dago Arrasate Bizkaiagaz mugan dagoela, eta guk bizkaieraz berba egiten dugula. Beraz, gipuzkoarrak gara, bai, baina "de segunda". Gainera, Bilbon ondo tratatzen naute, beraz, nire etxea ere bada.
Niri jarraitzen nauen komunitatean oso harreman naturala dago, eta, horri esker, gomendatzen ditudan gauzak probatu edo kontsumitu egiten dituzte. Hori da influencera izatea? Ez dakit, nik ez nuke esango hori naizela, inoiz.
Nondik datorkizu sukaldaritzarekiko maitasun hori?
Beti esan ohi dut kozinatu baino nire pasioa jatea dela. Orduan, horretan trebatu behar izan nintzen 18 urte nituela, ikasle-pisura etorri nintzenean Bilbora. Hasiera-hasieratik, amak esan zidan ez zizkidala tuperrak emango, eta, bizirauteko-edo, kozinatzen hasi nintzen, ideia askorik gabe, baina, gutxika-gutxika, ikasten joan naiz. Orain, asko gustatzen zaidan gauza bat da.
Garai horretan, "The Cook Rocker" bloga zabaldu zenuen...
Bai, egiten nituen errezetak partekatzen nituen, eta, horri, rock abesti bat lotzen nion. Nire asmoa zen nire egoera berdinean zegoen jendeari laguntzea-edo. Hala, askotariko errezetak konpartitzen nituen; Kinder Buenoko irabiatuetatik lasagna batera arte. Esperientzia polita izan zen. Nahi nuenean igotzen nituen edukiak, inolako presio barik. Baina, gutxika-gutxika, hori egiteari utzi nion, eta naturala zenez, hori itxi nuen 2014an.
Ibilbide gastronomikoen enpresa pandemia garaian itxi behar izan zenuen, behin-behinean. Zelan bizi izan zenuen egoera hori?
Gogoratzen naiz martxoaren 9an etxean nengoela, eta albistegietan konfinamendua helduko zela laster. Orduantxe, nituen erreserba guztiak bertan behera gelditzen hasi ziren, eta hiru egunetan dena jauzi zen; normalean, apirila-maiatzerako uztailera arteko leku denak beteta izan ohi ditut, eta horiek denak erori ziren. Hala, larritzen hasi nintzen diru-iturri bakarra nuelako hori. Hasiera batean "opor" batzuk moduan hartu nuen egoera, behin-behinean eta epe-laburrerakoa izango zela uste nuelako, eta aurreztutakoagaz tiraka ibili nintzen. Baina, udan eta irailean lehenagoko egoerara bueltatzerik ez zegoela ikusita, bestelako bide bati ekin behar izan nion. Turismoak eta ostalaritzak kolpe oso handia jasan du pandemiaren eraginez.
Zein izan da zure informazio-iturria urteotan?
Hasieran, nire ama eta amamak etxean egindako errezetak ziren, oso tradizionalak; telefonoz deitu eta kontatutakoak probatzen nituen. Gerora, Internetetik eta sukaldaritza-liburuetatik aurkitutakoak probatzen hasi nintzen eta, orain, liburu-bilduma oso handia daukat etxean. Gainera, jatetxeetan ikusitakoa ere etxean prestatzen saiatzen naiz.
Une horretan, Instagram sare sozialean partekatutako edukiak areagotzen hasi zinen, eta arrakasta handia duzu gaur egun....
Bai, 2018-19 inguruan zabaldu nuen Foodiario kanala, argazkiak igo eta errezetak partekatzeko, hobby moduan, oso aldiro erabiltzen nuena. Gerora, COVID-19ak eragindako konfinamenduan, ikusita jende guztiak zuzenekoak-eta egiten zituela, gogor ekin nion gauzak partekatzeari, eta, 2020ko apirilaren 19an, nire lehenengo liburu elektronikoa jarri nuen salgai, ordura arte partekatutako errezetak biltzen zituena. Asko saldu nituen, eta, orduan, ikusi nuen aukera bat nuela ibilbide gidatuetatik ez zetorren diru-iturria ordezkatzeko. Uste dut timing perfektua izan zela hau sortzeko, izan ere, orain sortu izan banu, seguruenik ez nuke horrenbesteko arrakastarik izango.
Lan handia dago horren guztiaren atzetik, ezta?
Bai, uste nuena baino gehiago. Hiru markagaz lan egiteaz gainera, doako eduki asko partekatzen ditut jendearen interesekoak izan daitezkeenak, bestela, inork ez zaituelako jarraituko. Gainera, ikastaroak eta liburuak prestatzen denbora asko ematen dut. Lan pilo bat dago, bai, ez dirudien arren.
Normalean, errezeta osasuntsuak partekatzen ditut. Azken finean, nire elikadura apur bat txarto zihoala ikusita, errezeta saludableen bilduma moduko bat egiteko sortu nuen kontua hasiera-hasieran.
Influencer-a edo eduki-sortzaile gisa hartzen duzu zure burua?
Influencer berbak grazia egiten dit, beti erlazionatzen dugulako jarraitzaile pilo bat duen pertsona bategaz. Nire kasuan, ez daukat komunitate oso handia. Niri 28.000 pertsonak jarraitzen didate; ez da oso kopuru handia, baina oso erlazio ona dugu denon artean. Oso naturala da, eta, horri esker, gomendatzen ditudan gauzak probatu edo kontsumitu egiten dituzte. Hori da influencera izatea? Ez dakit, nik ez nuke esango hori naizela, inoiz. Egia da ekintza hori badagoela, baina, influenceren etekin ekonomiko guztia publizitatetik etorri ohi da, eta, nire kasuan, ezin izango nintzateke bizi publizitateari esker. Nire diru-iturriaren %60a nik sortutako produktuei esker da.
Izan ere, sareetan edukiak partekatzeaz gainera, hainbat ebook eta ikastaro sortu dituzu. Zelako harrera izan dute horiek?
Lehen esan bezala, konfinamenduan geundela sortu nuen lehenengo liburu elektronikoa, 2020ko apirilean. Ondoren, udan ibilbide gidaturik egon ez zenez, izozkiak etxean egiteko bideo-ikastaro bat egin nuen; arrakasta izan zuen horrek ere, eta gero beste bat egin nuen, batch cooking jorratzekoa.
Normalean, non grabatzen dituzu bideo guztiak?
Gaur egun, nire etxeko sukaldean. Ikastaroetarako, baina, etxe bat alokatu nuen behin, eta bestea amaren sukaldean egin nuen, berri-berria delako. Dena dela, egunero-egunero Instagramen partekatzen ditudan edukiak nire etxeko sukaldea da; tripodea jarri eta listo, mugikorragaz grabatu, editatu eta sareratzen dut. Zerbait naturala egin nahi izan dut beti, edonork bere etxean egin dezakeela transmititzeko.
Partekatutako errezeta guztietatik, zein gomendatuko zenuke?
Oso argi daukat: berdura-lasagna. Nire bikotekideari kozinatu nionean lehenengo aldiz egin nion hori, eta lagunen bat bisitan datorrenean ere beti egiten dut. Oso ona dago, benetan.