Elkarrizketak

"Guk ere ikuskizuna eman dezakegula erakutsi dugu"

Ander Zarraga 2022ko mai. 10a, 12:11

Ainhoa Atxirika, Aintzane Gamboa eta Nerea Bengoa Bizkerre Futbol Taldeko Senior A taldeko jokalariak dira.

Bizkerre Futbol Taldeko neskek Liga Nazionaleko bigarren taldeko txapeldunak izendatu dira. Horri esker, kategoriaz igotzeaz gain, taldean jokatzen duten hainbat neskarentzako eredu ere dira.

Denboraldia amaitzeko oraindino lau partida falta zirela, Bizkerre Futbol Taldea Espainiako Liga Nazionaleko bigarren taldeko txapelketa irabazi zuen. "Denboraldia hasi genuenean ez genuen espero; ez genuen horrelako ezer planteatu, baina gutxika lortu dugu", adierazi du Aintzane Gamboa taldeko kapitainak.

Bere aldetik, Nerea Bengoa leioaztarrak nabarmendu du aurten oso talde indartsuak izan dituztela aurrean: "Athletic, Real Sociedad, Racing edota Osasuna bezalako taldeen filialen aurka jokatu dugu, eta Añorga bezalako aurkari gogorrak ere izan ditugu". Hala ere, lortutako emaitzek taldearen lan bikaina islatzen dute: 26 partidutik, hiru berdindu dituzte, eta bakarra galdu; gainontzeko guztiak irabazi dituzte. Garaipen horietako gol eta asistentzia askoren egilea izan da Ainhoa Atxirika gorliztarra: "Partida gehienak azken momentuan irabazi ditugu, baina hori jokatzeko modua aldatu dugulako izan da".

Kapitainak azpimarratu duenez, talde trinkoa osatu dute aurten, eta egon den giro onak ere asko lagundu die. Horretaz gain, arrakasta horren arduraduna ere da Iñigo Juaristi entrenatzailea. "Eskarmentu handiko teknikoa da, hainbat taldetan egon dena", dio Bengoak. Aurreko urteetan ez-bezala, aurten presio gutxiagogaz jokatu dutela azpimarratu du Gamboak: "Lehen, golaren bila zoratzen ginen, baina aurten ez da horrela izan; gehiago mugitu dugu baloia, eta pazientzia gehiagorekin jokatu dugu". Horretaz gain, Vanesa Rodriguez bigarren entrenatzailearen lana ere azpimarratu gura izan du Bengoak: "Beste jokalari baten modukoa da, asko laguntzen gaitu, giro ona sortzen du eta, batzuetan, entrenatzailearen eta jokalarien arteko bitartekari-lanak egiten ditu".

Datorren urtean Bigarren Maila eta Liga Nazionalaren artean sortuko duten kategoria berrian arituko dira Bizkerrekoak. "Espainia erdibituko bazenu, iparraldean geratzen diren taldeen artean egongo gara gu, Real Madrid bezalako filialen aurka, hain zuen", azaldu du Atxirikak. Hala ere, horren aurretik, Emakumezkoen Euskadiko Kopa jokatuko dute maiatzaren 14 eta 15ean.

Diotenez, geroz eta jende gehiagoren babesa jasotzen ari dira, eta, gutxika, baliabideak ere lortzen doaz, "behintzat bokata ematen digute; lehen, guk eraman behar genuen dena", dio Bengoak. Atxirika ere bat dator beragaz, eta azaldu du liga irabazi zutenean zelai osoa betetzea lortu zutela: "Aurten jende gehiago etorri dela nabaritu dugu, boom baten modukoa izan da". Izan ere, Bizkerrek futbolean jokatu gura duten hainbat neskaren aglutinatzailea bihurtu da, eta jokalarientzako oso pozgarria da horrelako harrobi bat dagoela ikustea. "Lehen, mutilakaz jolastu behar genuen eta, batzuetan, gauza desatseginak entzuten genituen, baina orain ezberdina da, nahiz eta oraindik gauza asko aldatu behar diren", dio kapitainak. Atxirikak ere azpimarratu du mentalitatea aldatzen doala, baina uste du oraindino ikusgarritasun gehiago eman behar zaiola emakumeen futbolari. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun