Fadurako ikasleek prestatutako ibilgailuak Monegroseko basamortuan ari dira lehiatzen

Ander Zarraga 2022ko mai. 12a, 16:40

Automozioko ikasleentzako azterketarik zailena gaur hasi da Zaragozako Monegros basamortuan; izan ere, Fadurako Lanbide Heziketako ikasleek prestatutako ibilgailuak atzo abiatu ziren Panda Raid erresistentzia rallyra, eta gaur eguerdian hasi dute lasterketa.

Atzo, Faduratik Zaragozako Monegros basamortura bidean atera ziren aurtengo Panda Raid rallyan parte hartuko duten irakasle eta ikasleak, eta, gaur, 14:00etan, lehen etapari ekin diote. Bi urtez aritu dira Fiat Panda ibilgailu zaharrak prestatzen, horiek muturreko baldintzetara eramango dituzten lasterketan frogatzeko.

Urtero martxoan antolatzen den erresistentzia eta distantzia luzeko proba amateurra da Panda Raid. Horretan, irakasle eta ikasleek osatutako bikoteek gidari eta laguntzaile rolak hartzen dituzte, eta 300 taldek baino gehiagok parte hartzen dute old school izaerako abenturan. Zazpi etapetako ibilbidean, parte-hartzaileentzako eta ibilgailuentzako baldintza gogorrenetan aritzen dira helburu bakarragaz: lasterketa amaitzea.

Aurreko urteetan Marokon egiten zen proba, baina COVID-19aren eta arazo politikoen ondorioz, aurten, Monegros basamortuan (Zaragoza, Espainia) egingo dute, maiatzaren 12tik 15era bitartean. Beraz, aurten, 800 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lau etapetan Europako basamorturik handiena zeharkatzeko.

Ibilgailua eta partaideak

Jose Libano irakasleak dioenez, ikasleek urte bitan egindako ibilgailuen prestakuntza ez da erraza izan: "Alde batetik, elementu mekaniko zein elektriko guzti-guztiak aztertu behar izan dituzte, bereziki arreta berezia eskatzen duten transmisio- eta suspentsio-sistemak. Beste aldetik, lasterketak eskatzen dituen atontze-lan bereziei aurre egin behar izan diete, hala nola azpikoen babesa, takodun gurpil bereziak, argiztapen sistema, bidaiari lekuko banatzailea, eta abar…".

Partaideak aukeratzeko lana ere ez da nolanahikoa izan, hasiera batean, froga dibertigarria eta erakargarria izan arren; "abenturaren inguruko hausnarketa egiten bada berehalaxe konturatzen zara ahuntzaren gauerdiko eztula ez dela, eta denak ez daudela prest joateko", azaldu du.

Hala ere, ikasleei ez zaie ilusioa falta, eta aurten talde bi osatu dituzte: Panda 4x4 batean Jose Libano Ibai Martinez bigarren mailako ikasleagaz joango da, eta beste Panda 4x2an Arkaitz Amezaga irakaslea Mikel Uria bigarren mailako ikasleagaz.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun