Zazpi etapatan banatutako orientazio-proba da Panda Raid, Marokoko hegoaldea zeharkatuko duena. Denera, 375 taldek eman dute izena aurten eta, orokorrean, parte hartzaileek 10 ordu inguru eman behar izango dituzte egunean gidatzen, hondarrezko bideetatik 200 eta 300 kilometro gainditzeko. Iaz aurrenekoz joan ziren Iurgi Aiesta eta Aitzol Barañano irakasleak, 90eko hamarkadako Fiat Panda bat egokitu ondoren. Oraingoan, aldiz, bigarren ibilgailu bat prestatu dute zeharkaldirako; horretan Elektromekanika zikloko ikasle bi joango dira: Markel Arrasate eta Iker Lacruz (azkenengo hau Irlandan dabil egunotan, sokatirako Mundialean parte hartzen).
Iaz egin zuten legez, aurten ere kutsu solidarioa eman gura izan diote abenturari. Hala, eurakaz batera hainbat ordenagailu eramango dituzte Marokora bertako eskola batean dohaintzan emateko.