Elkarrekin Getxo taldeak bat egin du LGTBI+fobia salatzeko Udalak aurkeztutako adierazpen instituzionalagaz. Hala ere, deitoratu du "neurri zehatzak" hartu ez izana, hala nola "LGTBI+ komunitateko pertsonekiko aniztasuna kudeatzeko politikak bultzatzea lan-eremuan". Gogoratu du mota horretako proposamenak egin dituela adierazpena kaleratu aurretik, baina, salatu du Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) horiek atzera bota dituela.
Talde horretako bozeramaile eta zinegotzi Paula Amievak uste du "guztiz beharrezkoak" direla neurri horiek, LGTBI+fobia "gora eta gora" egiten ari delako azken aldian. Ildo horretan, gogoratu du Ertzaintzaren txosten batek agerian utzi duela hori, 2021an, aurreko urteagaz alderatuta, % 46 areagotu direlako gorroto delituak. "Are gehiago, martxoan bertan, mota horretako eraso bat jasan zuen udalerriko gazte batek Algortako inauterietan".
Talde ezkertiarrak bere kezka agertu du LGTBI+ kolektiboaren kontrako indarkeria-delituen gorakada dela-eta. Azpimarratu duenez, iaz, 73 kasu atzeman zituzten EAEn, "orientazio eta identitate sexualari lotutako erasoak guztiak". Hala, jakinarazi du EAEko gorroto-delituen bigarren kausa dela LGTBI+fobia.
Horregatik guztiagatik, tokiko gobernu-taldeari eskatu dio konpromiso gehiago har dezala ildo horretan, "keinu eta ongintzazko deklarazioetatik haratagokoak", neurri zehatzak hartzeko eta kolektibo horien kontrako edozein motatako diskriminazio, eraso eta biolentzia kasuei amaiera emateko.