Algortako San Martin kaleko udal-eraikina Osakidetzako osasun mentaleko zentro bat izango da

Iker Rincon Moreno 2022ko mai. 19a, 11:06
San Martin eraikina, gaur egun. © GETXOKO EH BILDU

Getxoko gobernu-batzarrak onartu egin du Algortako San Martin kaleko 17. zenbakian dagoen eraikina Eusko jaurlaritzari lagatzea, 75 urterako eta doan, Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean integratutako osasun mentaleko zentro berri bat sortzeko Uribe Kosta eskualderako. Osakidetzak bere gain hartuko ditu azpiegitura horretako guneak egokitzeko obren gastuak.

San Martin kaleko udal-eraikin horrek hiru solairu eta 338 metro koadro ditu. Udalak lurzoruaren titulartasuna gordeko du, eta, lagapen-epea bete ondoren –75 urte–, itzuli egingo zaio, baita egindako obrak eta instalazioak ere, inolako kalte-ordainik jaso beharrik gabe.

Horren harira, Alvaro Gonzalez Kontratazio, Ondare eta Etxebizitzako zinegotzia pozik agertu da hartutako erabakiagaz, "osasun mentalari eskainitako gunea izango delako. Getxo erreferentzia da osasun mentalarekin lotutako ekimenak, terapiak eta errekuperazio-prozesuak behar dituzten pertsonei arreta emateko programetan. Eta lagapen-akordio horretatik abiatuta, Getxoko osasun mentalarekin zerikusia duten pertsonei eta egoerei arreta emateko, normalizatzeko eta zaintzeko konpromisoan sakontzen da”.

Ludoteka egiteko proposamena

Orain gutxi, Getxoko EH Bildu taldeak udal-eraikin horretan ludoteka bat egiteko proposamena egin zuen, urtez urte azpiegitura hori hutsik egon dela deitoratuta. 2021eko urrian gogoratu zutenez, koalizio abertzaleak hainbat eskaera egin izan dizkio udal-gobernuari (EAJ eta PSE-EE) eraikina eraberritu eta erabilera emateko, eta, urte bereko urtarrilean, mozioa aurkeztu zuen horretarako. Une horretan, osoko bilkuran onarpena eman zion mozioari, baina udal-gobernua abstenitu egin zen.

Hilabeteek aurrera egin ahala, egoera aldatu ez zela ikusita, eraikinari erabilera zehatz bat proposatu zuen EH Bilduk 2021eko amaieran: bertan ludoteka handi bat egitea. Horretarako, urrian zehar, herritarren iritziak batu zituzten ondoren Udalari proposamen zehatz bat egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun