Joan den maiatzaren 4an, Arrigunaga hondartzan txosna handitzeko porlanezko plaka bat agertu eta inguruko bizilagunak eta ingurumen-taldeak kezkatu ondoren, Getxoko Elkarrekin Podemos taldeak gai horri buruzko informazio-eskaera erregistratu zuen, besteak beste, instalazio horren legezkotasuna ezagutzeko.
Hala, joan den eguenean, maiatzak 19, Lurraldeko Informazio Batzordearen bileran, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) jakinarazi zuen jarduera hori Portuko Agintaritzaren eskumena dela, eta, ondorioz, Espainiako Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzko Legeak arautzen duela, eta ez Kostako eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak, Elkarrekin Podemos taldeak azaldu duenez. Hala ere, agintariek onartu zuten ez zutela jarduera horren berri izan obrak hasi aurretik, eta Udaltzaingoa bidali zutela horri buruzko txosten bat egiteko.
Ildo horretan, koalizio morekoek azpimarratu dute gaur egun ez dela ziurra hormigoizko plaka handitu den ala ez: "hala bada, gobernu-taldeak onartzen du Udalari obra-baimena eskatu behar zitzaiola, baina ez dela horrelakorik egin". Hala, EAJ eta PSE-EEren gobernuari gai horren inguruko "interes falta" aurpegiratu diete, eta iragarri dute azalpenak eta erantzukizunak eskatzen jarraituko dutela, obra-baimen hori beharrezkoa ote zen eta portuko agintaritzak zergatik ez zuen eskatu argitzeko.
Jarduera-lizentzia
Bestalde, Elkarrekin Podemosekoek jakinarazi dute oraindino ez dagoela eskatuta txosna berrirako –edo egingo duten jarduerarako– lizentziarik eskatuta, eta, kasu horretan, "hori bai dela Udalaren eskumena". Hori dela eta, egingo den jarduerak ingurumenean eragin negatiborik izan ez dezan zain egongo dira talde ezkertiarrekoek, eta harridura adierazi dute; "izan ere, beste leku batzuetan hondartzari buruzko mota horretako negozioak kentzeko joera dagoen bitartean, badirudi Getxon salbuespen bat egiten ari direla".