Atzo, zapatuan, kaleko arte eszenikoak Getxoko hiri-ingurunera atera ziren Kalefest jaialdiaren eskutik. Ekimen horrek euskarazko kultura gertuaren aldeko apustua egiten du, eta urriaren 12ra arte, askotariko 30 bat ikuskizun eskainiko ditu. Antzerkia, zirkua, dantza, diziplina anitzeko lanak eta zinema izango dira nagusi programa horretan, Getxoko Udalak 2021eko Aurrekontu Parte-hartzaileetan jasotako proposamenei forma emateko sortua izan dena.
Hala, atzoko emanaldien ondoren, gaur, domekan, Algortako San Nikolas plazan Hika eta Oinkari konpainiek Gazte dantza eta musika pieza eskainiko dute 20:00etan. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta, gaur egungo estiloetara zabalduko dira, erritmo elektronikoakaz eta hip hoparen kulturagaz bat eginez.
Erraldoi bat kaleetan
Domekako proposamena borobiltzeko, 21:00etan Aquiles kalejira hasiko da, formatu handiko figura berezia protagonista izango dela. La Fam Teatreren ikuskizun hau Bizkaia Zubiaren plazatik abiatuko da Areetako Xake plazaraino. 5 metrotik gorako altueragaz eta ia 800 kiloko pisuagaz, greziar mitologiako heroi handia irudikatzen duen erraldoiak kaleak eta plazak zeharkatuko ditu publikoa liluratzeko.