Elkano Fundazioak bultzatuta eta hainbat erakunderen lankidetza izanda, horien artean Getxoko Udalarena, Elkano Itsas Herria kultur zeharkaldia Pasaian hasi zen joan den maiatzean eta Donibane Lohizunen amaituko da irailean. Itsasontziaren bisita osatzen dute, lurrean, erakusketa ibiltari batek eta hainbat kultur jarduerak.
Juanita Larando ontziaren harrera ofiziala –XVIII. mendeko ontzi azkar, arin eta aldakorren erreplika bat– 13:00etan izango da Portu Zaharrean. Udalerriko udal-ordezkariek eta itsas elkarteetako ordezkariek parte hartuko dute ekimenaren helburua azalduko duen ekitaldi batean.
Gure udalerrian, informazio-erakusketa Portu Zaharrean egongo da (kai-muturrean eta hondartzaren aurrean). Zenbait barrika eta olanatan itsas kulturak euskal kostaldean izan duen pisua erakutsiko dute. Bihar, hilak 9, eguenean, 12:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Gune horretan proiektuari buruzko informazio gune bat eta merchandisingeko produktuen salmenta gune bat ere egongo dira.
Itsasontziak barikuan, 11:30ean, utziko du Getxo, eta Barakaldora joango da bere ibilbidea jarraituz.