Elkarrizketak

U. Garduño eta L. Mijangos: "Giro ona sortu eta plaza berreskuratu nahi dugu"

Iker Rincon Moreno 2022ko eka. 14a, 12:00

U. Garduño eta L. Mijangos, jokalariak izateaz gain, antolatzaileak ere badira.

Zapatuan, ekainak 18, jokatuko dituzte Algortako San Nikolas plazako frontoian egunotan jokatzen ari diren pala-txapelketako finalak. Getxoko eta inguruko dozenaka lagun parte hartzen ari dira herri-proba horretan, eta horren nondik norakoak ezagutzeko gerturatu gara Algortako erdigunean dagoen gune horretara; bertan hartu gaituzte Unai Garduñok eta Leire Mijangosek, herri-txapelketa horretako antolatzaileetako bik.

Orain 30 urte egin zuten aurrenekoz oraindino ere Algortako San Nikolas plazako frontoian jokatzen den "Sanikoko" Pala Txapelketa. Joan den apirilaren erdialdean jokatu zuten aurtengo lehenengo partidua, eta ekainaren 18an izango dira gizonezkoen eta emakumezkoen finalak. Saria: txapela, eta parte-hartzaile guztientzako kamiseta bana. Izan ere, Unai Garduño eta Leire Mijangos antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketa herrikoia da hori, "ondo pasatzea eta plaza berreskuratzea helburu duena". 

"Frontoia arrotza egiten zitzaigun; ez zen gure espazioa. Hala ere, apurka, gauzak aldatzen joan dira"

Leire Mijangos

Hasiera batean, kategoria bakarra zegoen, mistoa; baina, apurka-apurka, mailakatu egin zituzten. "Orain dela bost edizio, bigarren kategoria bat sortu genuen, jokalarien arteko maila orekatzeko", dio Garduñok. Garai horretan, gizonezkoak eta emakumezkoak elkarregaz jokatzen zuten, "baina emakumezko askok ez zuten parte hartzen, lotsagatik edo", gaineratu du Mijangosek. Hala, neskentzako kategoria ezberdindu bat sortu zuten urte batzuk geroago, "aparte izanda, erosoago gaudelako", eta 12 bikotek parte hartzen dute aurten horretan. Gizonezkoen kasuan, aldiz, 29 taldek jokatzen dute lehenengo mailan, eta beste 48 bigarrenean, "Bizkaia osotik etorritakoak". Ildo horretan, Mijangosek inguruko herrietako emakumeak faltan bota eta horiek txapelketan parte hartzera animatzeko gonbitea egin du, gaur egun, jokalari gehienak herrikoak direlako, gizonezkoen kasuan ez bezala; "asko kostatzen ari zaigu zabaltzea".

Diotenez, palarekiko afizio "handia" dago Algortan, eta horren ondorioa da "Sanikoko" Txapelketaren arrakasta. Lehiaketa herrikoia dela azpimarratzen dute, dena denen artean antolatzen dutena: "Boluntario-talde bat dago, zazpi pertsonakoa, baina WhatsApp talde batekin antolatzen ditugu partidu guztiak". 

"Askotarikoek parte hartzen dute txapelketan, zaharrak zein gazteak. Topaketa-gunea da"

Unai Garduño

San Nikolas plazako frontoian jokatzea "engantxatu" egiten duela diote biek: "Berezia da, egitura ikustea besterik ez dago; zoru irregularra, zutabeak ditu, estua eta baxua da... Gainera, jolasteko orduan ia-ia edozerk balio du". Ildo horretan, bitxitasun hori dela-eta, epaile-lanak egitea zaila dela diote antolatzaileek, eta, ondorioz, aurten erabaki dute halakorik ez egotea partiduetan. "Erabaki guztiak bikoteen artean adosten dira", dio Mijangosek, "bai, finaletan agian bai egongo dira epaileak, baina, orokorrean, fair play delakoa sustatzea nahi genuen", gaineratu du Garduñok. 

30 urte daramatzate pala-txapelketak antolatzen frontoi horretan, baina, gogoratu dutenez, XX. mendearen hasieran ere bertan aritzen ziren herritarrak pilota jokoetan. "Betiko herriko frontoia da, erdigunean dagoena; hala, plaza berreskuratu eta giro ona sortzea da helburu nagusia". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun