Nortzuk zarete Nazka? Azaldu egiguzue labur zeuen historia...
Taldea 2020ko udan Agurainen (Araba) geundela egitea erabaki genuen; baina, inork ez zekienez musikaz, lehen pausoak hurrengo Gabonetan eman genituen. Hasiera batean, Manex, Fili, Saras eta Xabi ginen taldekideak, eta bakoitza bere instrumentuarekin kontaktua izaten hasi zen. Lehenengo entseguak Grabasonic-en egin genituen, eta, beranduago, Txorimalon egitea lortu genuen –eskerrik asko, Zunbeltz–. Lehen kontzertua Txorimalon bertan eman genuen, Manex eta Fili gitarrak, Trespu baxua, Maltzur bateria eta Saras eta Xabi abeslari zirela, baina azkenengo eta gaur egungo taldea Trespu (Aimar), Maltzur (Azkorra), Fili (Oinatz) eta Manex gara.
Talde hain gaztea izanda eta bizi garen garaiak ikusita, nondik datorkizue influentzia musikala?
Batez ere etxean gurasoek jarritako musikagatik sortu zitzaigun musika honen inguruko interesa, hala nola La Polla Records, Eskorbuto, Cicatriz, Deskontrol eta Ukabilkada. Eta laurok gustu nahiko antzekoak ditugunez, erraza egin zaigu taldea aurrera eramatea.
Zuen kontzertuetan lagun kuadrilla majoa egoten da lehen lerroan. Gainera, bertan kaniak, borrokak eta skinheadak ikusi daitezke. Zelan da posible nahasketa berezi hori?
Festa delako guztioi batzen gaituena. Baina egia da gure inguruan denetariko jendea dagoela, eta haiek erakartzea lortu dugula. Gainera, oso pozik gaude horrekin, eta espero dugu horrela izaten jarraitzea jende berria erakarriz.
Esan bezala, bizi ditugun garaiotan, Punk-oi! estiloa ez da arrakastatsuena. Zelan ikusten duzue zuek eszena horren perspektiba gazte batetik?
Egia da gure adinekoen artean musika honen jarraitzaile gutxi dagoela, baina uste dugu, eta ikusten ari gara, gero eta talde berri eta gazte gehiago agertzen ari direla. Horregatik, denborarekin, eszena indartsuagoa izango den susmoa daukagu. Bizirik gabiltza!
Epe laburrera, proiektu berririk ba al duzue; zer edo zer grabatzeko asmorik duzue?
Bai, momentuz Rocking Loud estudioarekin gabiltza grabaketetan, eta uda amaierarako disko indartsu bat eskuartean izateko asmoa daukagu.
Bukatzeko, azkenaldian kontzertu dezente ematen ari zarete. Zelan duzue agenda udara aldera?
Badaukagu zerbait hortik lotuta, baina, momentuz, ez da ezer ofiziala. Beraz, sare sozialetan adi egon beharko zarete non jotzen dugun jakiteko, @nazkacrew Instagramen.