Arene 6, Algortako punk eta oi!-aren garairik baxuenean jaio izanda, zelan sortu zen proiektua?
Taldea 2019ko irailean sortu zen, Erasoka taldeak jotzeari utzi zionean. Ibon eta Iñaki musikaren munduan jarraitzeko gogoekin zeuden, eta proiektu berri hau sortzea erabaki zuten. Bi gitarra- eta baxu-jole bat behar zituzten taldea osatzeko. Jokin (Smoking Barrels) eta nirekin (Koldo, Garrasika) hitz egin eta entseguekin hasi ginen. Beranduago, kuadrilla bereko Josu sartu zen gitarra-jole moduan, baina, urtebetera, taldea utzi eta Jon sartu zen bere ordez. Esan dezakegu aspaldiko taldeen mix antzeko bat dela. Kar kar kar!
Pandemiaren aurretik zuen zuzeneko batean egon ostean, musika-mota punk eta oi!-tik aldentzen zela iruditu zitzaidan. Hala dela uste duzue?
Egia da, punk eta oi!-aren influentzia handiak ditugula, baina, oraingoan, beste estiloetako errekurtsoak erabili ditugu; taldekide bakoitzak dauzkan gustuak nahasten ditugu. Abesti metalero eta ilunagoak egiten ditugu, besteak beste.
Eguneroko neurri murritzaile guztiekin, zelan moldatzen ari zarete taldeko entseguak eta abarrak aurrera eramateko?
Egia da zailtasun nahikotxo eduki ditugula; guk beste udalerri baten entseatzen dugu eta, segurtasun-neurriengatik, entsegu batzuk egin gabe geratu dira. Hala ere, audio eta bideoen bitartez gauza nahikotxo aurreratu ditugu.
Esango nuke Arene 6 Algortako kale baten izena dela. Bertan entseatzen al duzue?
Kar kar kar! Lehen esan bezala, beste herri batean daukagu lokala. Ondo legoke algortarrok hain arrotza sentitzen dugun lekuan dagoena egon beharrean entsegu-lokalak egotea, Babes Etxebizitzak egitea edo dana dalakoa. Edozer; dagoena kendu eta Arene 6k duen konnotazio negatiboa aldentzeko, gurea den zerbait sortzea, herriarentzako.
Ba al duzue epe laburrerako proiekturik?
Abesti nahikotxo ditugu, eta udan, egoerak laguntzen badu, disko bat grabatzeko asmoa dugu. Laster sareak martxan jarriko ditugu eta gure berriak jarraitu ahal izango dituzue.