Getxoko Udalak iragarritako neurrien aurrean, auzo-taldeek eta ekologistek urteetan eskatutako ingurumen-babesak lehentasuna izaten jarraitzen duela azpimarratu du Getxoko Auzokideok taldeak. Horren aurrean, pinudia inbadituz gero eta "Bronx" izenagaz ezaguna den eremuan hormigoizko egiturak altxatuz gero Udalaren jarrera zein izango ote den zalantzan jarri dute auzokideek.
Diotenez, Aixerrotako eta bere inguruneko zuhaizpea "ingurumen-balio ukaezina" duen eremua da, "Udalarentzat lan egin ohi duten ingurumen-teknikariek habitat gisa kalifikatua". Kontuak horrela, uste dute onartezina dela zuhaitzei, sastrakei eta lurzoruari urtero egiten zaizkien kalteak, "bai eta ehunka kilo zementu erabiliz lurzoruak duen kutsadura ere".
Gogoratu dutenez, 2017tik, Udaleko osoko bilkuraren bidez, zinegotzi independenteek eskaerak egin dituzte ildo horretan. "2018ko uztailean onartutako mozio bat ere badago, non eskatu zen Ingurumenaren Balorazio Txostena egitea, jaietarako pinudia ixtea, zementua erabiltzea debekatzea eta ingurunearekin erasokorrak ez diren eraikuntza-teknikak erraztea, hala nola mekanotuboa erabiltzea, eremu ofizialean bezala".
"Urteotan guztietan, Udalak uste izan du beharrezkoa dela pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea jai ez ofizialeko eremu horretan, eta hori, gure ustez, 10 urte daramatzaten ingurumena babesteko proposamenak bezain garrantzitsua da", ohartarazi du Getxoko Auzokideok taldeak.
Hori dena esanda, elkarte horretako kideek iragarri dute zuhaitzak edo lurrak berriro kaltetuz gero, Udala salatuko dutela, "balizko omisioagatik".