Aixerrotako Paella Lehiaketa

Tutuen muntaketarako laguntza eskatu eta toldoen banaketarako oharrak banatu ditu Itxas Argia Taldeak

Iker Rincon Moreno 2022ko eka. 29a, 09:49

Hilabete baino gutxiago falta da Getxoko Itxas Argia Elkarteak antolatuko duen Aixerrotako Paella Lehiaketaren LXVII. ediziorako. Uztailaren 24an izango da, eta, hori dela eta, parte hartzaileentzako hainbat ohar gogorarazi gura izan dituzte antolatzaileek, hala nola tutuak muntatzeko, toldoak banatzeko eta izotzak hartzeko datak.

Itxas Argia Elkartekoek azaldu dutenez, aurten, tutuen muntaketa uztailaren 9-10ean eta 16-17an egingo dute. Horretarako, hitzorduak jarri dituzte egun horietan, 08:00etan Itxas Argiaren lokalean, Malakaten; edo 09:00etan Aixerrotako landan. "Boluntarioak behar ditugu, eta izena ematera animatzen zaituztegu", zabaldu dute. Gogoratu dutenez, kuadrilla bakoitzetik pertsona bana zeregin horietara bideratzeko eskatu dute: "Tutuen muntaketan laguntzen duten kuadrillek lehentasuna izango dute toldoen zozketan". Festa handia egin eta hurrengo egunera, uztailaren 25ean, desmuntatzeari ekingo diote, 09:00etan, landan bertan.

Toldoen banaketari dagokionez, uztailaren 5ean eta 6an egingo dute hori, 19:00etatik 21:00etara, ohiko erabiltzaileen artean. Horretarako, gogoratu dute beharrezkoa dela tiketa aurkeztea aurreko edizioko zenbakiagaz. Egun horietan ere, "arduradun adierazpena" sinatu beharko dute parte-hartzaileek; horren bitartez, kuadrillek Itxas Argiak eskura jarriko duen segurtasun araudia ezagutzen dutela bermatuko du.

Banatu gabe geldituko diren toldoak, berriz, uztailaren 11n zozkatuko dituzte, 20:30ean. "Zenbakiak egunean bertan hartu ahal izango dira Itxas Argiaren bulegoan, 19:00etatik aurrera", azaldu dute. Horretarako, ezinbestekoa izango da 25 euroko fidantza ordaintzea eta NANa aurkeztea, baita zozketaren momentuan bertan egotea ere. "Zozkatutako toldoak urte honetarako bakarrik izango dira", azpimarratu dute antolatzaileek.

Toldoak uztailaren 26an, martitzenean, bueltatu beharko dira, 19:00 eta 21:00 bitartean. "Derrigorrezkoa da toldoak egoera onean itzultzea eta tiketa aurkeztea zenbakiarekin".

Jaiaren egunean izotza edukitzeko, ohi legez, izotz-poltsak enkargatzeko aukera egongo da; horretarako, uztailaren 5, 6 eta 11n egin ahal izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun