Gaur, uztailak 2, 125 egun bete dira Alconzako beharginek grebari ekin ziotenetik enpresaren eta euren lanpostuen defentsan. Denbora tarte horretan, LAB sindilatuak gogoratu duenez, grebalariak egunero egon dira piketeak egiten, "baita poliziaren kolpeak jaso ere". Halaber, mobilizazioak eta asanbladak burutu dituzte, baita Irizar Taldearen bulego nagusira joan protesta egiteko ere. Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzako arduradunakaz bilerak egin, alderdi politikoakaz batu eta hainbat udalegaz bildu dira euren lan-gatazka eta aldarrikapenak zabaldu guran.
Hala eta guztiz ere, sindikatukoek deitoratu dute ez dutela lortu konponbideaz berba egitea Irizar Taldeko Zuzendaritzagaz, "ezta Eusko Jaurlaritzak, enpleguaren suntsiketaren aurrean, beste albo baterantz begiratzeari utz diezaion ere".
Dena dela, grebalarien mezuak ozen eta zabal entzun dira eskualde osoan, baita Euskal Herrian ere, herritar, eragile sozial eta politikoen elkartasunari esker: "Egunero borrokatzeko erregaia izan da".
Joan den ekainaren 28an izan zen 25 kaleratzeen kontrako epaiketa eta, diotenez, "dadoa botata dago". Epaimahai batek erabakiko du Alconzako 25 beharginen etorkizuna eta, hori dela-eta, gatazka beste fase batean sartu dela iragarri du LAB sindikatuak. "Orain, bestelako erabakiak hartu beharko ditugu eta bestelako estrategiak enpleguaren eta etorkizunaren aldeko defentsan erronka berriei ekiteko", azaldu du.
Ebazpena zein den jakin bitartean, sindikatukoek jakinarazi dute "inoiz baino elkartuago eta kementsuago" daudela, "jakin badakigulako orain arteko bidai-laguna gurekin izango dugula: herria, hain zuzen".
Hala, salatu dute ez dutela onartuko ezarri gura dieten "etorkizun beltza", eta azpimarratu dute borrokak beti merezi duela.