Irakaskuntzaren munduan ibilitakoak zarete biak. Zer dela eta euskaratu duzue eleberri bat?
Ane Oliveros: Gaizkak topatu zuen eleberria liburu-denda batean, gazteleraz, eta, irakurri ondoren, niri pasa zidan, asko gustatu zitzaiolako. Bera oso irakurzalea da, baina ez daki matematikaz asko bereziki, eta nik irakurri ondoren, beste begirada batekin egin nuen. Izan ere, lan honetan matematika da protagonistetako bat.
Bestseller bat da, eta 40 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago. Orduan, biok esan genuen: Zergatik ez dugu euskarara itzultzen? Ekarpentxo hori egin nahi genuen matematikaren dibulgazioaren alde. Eta halaxe hasi ginen.
Horretarako, gaztelaniazko bertsioaz gainera, bestelako hizkuntza batzuetara ere jo behar izan duzue, ezta?
Gaizka Zabarte: Bai. Jatorrizko bertsioa grekoz idatzita dago, 1992an. Ondoren, zortzi urte geroago, 2000an, ingelesez berridatzi zuen idazleak. Orduan, bagenekien jatorrizko horretara jo beharko genuela, eta hori egin genuen. Urtebete eman dugu itzulpen-lanetan.
Zelakoa izan da prozesua?
G. Z.: IRALE (Irakasleen Euskarazko Prestakuntza Zerbitzua) batean hiru hilabetez liberatuta egoteko aukera izan genuen, lan hau amaitzeko eta zuzenketak egiteko. Eta orduantxe atera zen gure lanaren emaitza. IRALEa amaituta, EIMAren oniritzia jaso genuen zuzenketak egin ostean.
A. O.: Esan beharra dugu guk ez genekiela itzultzen. Ahalegina egin, eta proiektua aurkeztu genuen. Hala, onartu ziguten eta itzultzen zekien irakasle batek eman zizkigun horretarako eskolak. Hark lagunduta egon ginen behar zen modura egiten. Izan ere, horrek bermeak eman dizkigu.
Zeintzuk zailtasun topatu dituzue bidean?
G. Z.: Asko, zaila da zeintzuk zerrendatzea. Baina, denen artean, nabarmenduko nuke puntu egokia topatzearena. Originalak zer dioen ikusi behar da, baita zelan itzuli duten beste hizkuntzetara, eta bidea egin hor. Zehaztasun handiz ibili behar izan gara, eta zaila izan da.
A. O.: Tonu egokia aurkitzea izan da gakoa. Gainera, bi pertsonen arteko lana izan denez, biok hurbildu behar izan gara, ahots berdina erabiltzeko. Izan ere, itzulpena bakarra da. Oso ariketa zaila izan da, hizkuntza bakoitzak bere kodeak dituelako. Hala ere, engantxatu egiten zaitu. Duela 30 urte argitaratu zen grekoz, 1992an, eta, orain, 2022an, euskarak ere bere bertsioa dauka. Amets bat izan da.
Zelako harrera izan du liburuak?
A. O.: Kritikak ez ditugu jaso; ingurukoei irakurtzeko eskatu genien, jakiteko ea zelan irakurtzen zen, euskara maila ona zen ala zer. Eta oso gustura irakurri dutela esan digute.
Zer-zelako garrantzia du matematikak eleberri honetan?
G. Z.: Matematikaren gaia, amua izateaz gain, arriskua ere bada nobela batean. Azken finean, eleberri bat da hau. Lehenengo pertsonan idatzita, gazte batek kontatua, bere osaba misterioz josita dagoela deskubritzen duena. Misterio horiek matematikari lotuta daude, eta zenbakiekiko lilura pizten du, itsutze arte. Trama arina da, baina azkenera arte eramaten zaitu; harrapatzen zaitu. Matematikak pisu handia du, baina horrek ez du esan nahi matematiketan aditua izan behar zarenik honetaz gozatzeko.
Nori zuzendutako liburua dela esango zenukete?
A.O: Edozein helduk irakur dezakeen nobela bat da. Batxilerreko ikasleentzako ere egokia izan daitekeela uste dut, abstrakzio maila bat daukalako eta matematikak protagonista direlako. Hala ere, gaztetxoen sailetan topa daitekeen arren, ez dut uste horientzat egokia denik.
G.Z.: Beste hizkuntzetan ez dago inon gazteen sailean, eta, gainera, hori problema bat da; 12 urteko batek hartuko balu kalte handia egingo lioke bere irakurzaletasunari.
Matematikak, misterioa... Nola ezkontzen dira bi gaiak istorio batean?
A.O.: Protagonistaren osaba Atenaseko aldirietan bizi da. Tipo bakartia da, baina bere iloba aurkitzen hasten da bere iraganeko hainbat kontu, hala nola punta-puntako matematikaria izan zela. Horrekin, badago ilobaren garapen pertsonal bat, bere zailtasunekin matematika ikasten hasiko dena. Horrekin batera, irakurlea matematika maitatzen joango da, matematiken zutoin handi horiek erakusten joango delako: zenbakiak, teoremak...
Matematikek zertarako balio dezaketen erakusten du liburuak?
G.Z.: Bai, matematikaren zutoin guztiei buruz hitz egiten du. Dibulgazioa dela eta, dagoeneko hainbat izen zabalduta daude literaturan eta zineman, hala nola Turin, Ramanujan, Hardy eta halakoak. Liburu honetan, aldiz, 40 matematikari agertu eta aipatzen dira. Horietako batzuk istorioaren parte dira, pertsonai gisa agertzen direnak.
A.O.: Hemen zenbaki lehenak agertzen dira batez ere, horiek direlako teorialarien lan-tresna. Hala, irakurleak ikasiko du matematikan adar batzuk badaudela, eta baita teoremak ere. Kasu honetan, gainera, polita da aieru bat dagoelako tartean, Goldwatchek proposatutakoa 1742an, baina oraindik bere hipotesia oraindik ezin izan dena frogatu, nahiz eta beti gertatzen den. Zenbaki askorekin frogak egin eta funtzionatu du, bete egiten da, baina ezin izan da frogatu. Beraz, oraindik hipotesia, aierua, da eta ez teorema bat.
Eta, zein da zehazki aieru hori?
G.Z: Bi baino gehiago den edozein zenbaki bikoiti adierazi daitekeela bi zenbaki lehenen batura bezala. 200 urte baino gehiago igaro dira, eta inork ez du ebatzi. Liburuan, osaba Petros eliteko matematikari bat da, eta itsututa dago hori frogatu nahian. Mundu guztiarengandik babesten du bere ikerketa, sekretupean dauka, eta horrek badauka zeozer autobiografikotik.
Izan ere, Apostolos Dioxadis, liburuaren idazlea, eliteko matematikaria izan zen. 15 urte zituela unibertsitatean hasi zen, New Yorken (AEB). Eminentzia bat izango zen, eta eliteko lehiakortasun horri nolabaiteko kritika egiten du liburu honetan. Izan ere, eleberrian behin baino gehiagotan esaten du hau: "Matematiken munduan, edo lehena zara edo ez zara inor".
Bera mundu horretan ibili zen, baina aldendu egin zen eta gaur egun gidoiak eta liburuak idazten ditu.
Dibulgazioa aipatu duzue. Matematikak herri xehearengana euskaraz gerturatzeko zuen aletxoa izan da hau?
A.O.: Bai, nolabait edo. Gazteleraz eta beste hizkuntzetan hainbat liburu topa daitezke mota horretakoak, baina, euskaraz, ez dugu halakorik topatu.
Zergatik uste duzue dela horren zaila mota horretako lanak euskaraz aurkitzea?
A.O.: Dibulgazioa egitea oso zaila delako. Elhuyarren badabiltza horretan, eta zientzialariak daude bertan zeregin horretan, hala nola Egoitz Etxebestek idatzitako Lunatikoak lana. Askotarikoez hitz egiten dute, baina, matematiken kasuan, arlo horrek duen abstrakzio-mailak zaildu egiten du dibulgatzea.
G.Z.: Kasu honetan, hau nobela bat da, eta idazlearen gorputzean bat egiten dute matematikari on batek eta idazle on batek. Bat egiten dute, eta hori oso zaila da. Matematikari onak daude, baina jar itzazu nobelak idazten. Ohituta daude beste erregistro batera idaztera, eta hori klabea da.
Gure kasuan, itzulpena egiterakoan, argi genuen matematikari bat egon behar zela hurbil, hankarik ez sartzeko. Eta guk gorputz batean ez, baina biren artean gai izan gara hori egiten.
Behin emaitza ikusita, buruan duzue beste libururik euskaratzea?
A.O.: Kar kar kar, ez! Gure ekarpena egin dugu matematika- eta dibulgazio-liburu hau euskaratzen, eta badago. Guretzako handia da hori, ederra.