Paelletan, Itxas Argia Elkarteak lehiaketa antolatzen duen gunetik kanpo geratzen den aldean segurtasuna eta garbiketa areagotzeko duela bost urte abian jarritako proiektuari emango dio jarraipena Udalak, arriskuak murrizte aldera. Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak dispositibo bateratua jarriko dute abian, ekitaldi guztietan pertsonen segurtasuna modu “presentzial, proportzional eta egokian” bermatuz, bertaratuentzako erreferentzia gisa izango diren gune finkoak nahiz langile ibiltariak izango dituztela. Besteak beste, bide-segurtasunari, trafiko-eteteei eta delitu-egitateak prebenitzeari buruzko lanak egingo dituztela iragarri dute, baita istripuetan laguntza eta sorospena eman ere.
Era berean, Babes Zibilak ekitaldi guztietako segurtasuna zainduko du, azpiegiturak behar bezala instalatzen direla bermatuz, eta jaietako programetan sartutako jarduera bakoitzari beharrezkoak diren auto babes-baliabideak emanez: osasun-zerbitzuak (anbulantziak, osasun-langileak, etab.), ebakuazio-bideak, larrialdietako ibilgailuetarako sarbideak, suteen aurkako babes-bitartekoak, etab. Auto babeserako Plana ezarriko dute paellen kasuan, eta gainerako segurtasun-neurriak ere ezarriko dituzte, bai eta beharrezkoak diren gainerako segurtasun-neurriak ere.
Ingurumenaren arloan eta Paellei dagokienez, Udalak kartelak jarri ditu Aixerrotako pinudiaren inguruan, “Jaietan gozatu, pinudia errespetatuz” leloarekin, parte-hartzaileak ingurunearen ingurumen-balioez kontzientziatzeko eta habitat naturalen eta bertan dauden basa-fauna eta -floraren kontserbazioaren garrantziaz ohartarazteko. Horrez gain, zuhaiztiei iltze, soka eta inausketen bidez kalte ez egitea saiatuko da. “Gainera, ingeniari bat eta bitartekari bat gazte-kuadrillakaz kolaboratzen ari dira pinudian dauden eraikuntzei buruzko gaietan, ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin”, azaldu dute udal-iturriek.
Era berean, aurrerantzean indarkeria sexistarik gabeko jaien aldeko kanpainaren nondik norakoak jakitera emango dute, eta Paellen Lehiaketan izena ematen duten lehenengoei Zurrumurrurik Ez Estrategiaren materiala opatuko zaie eta paella irabazlearentzat zurrumurruen kontrako kita izango da.
Jaietan gozatu, pinudia errespetatuz kanpainaren testua gainerako jaietara egokituz joango da, horiek ingurumena eta iraunkortasuna errespetatuz gozatzeko. Gainera, birziklatzea errazteko edukiontzi gehiago jarriko dituzte, herritarren inplikazioa eskatuz hondakinak lurrera ez botatzeko, eta dagokion edukiontzia bilatu eta horretan uzteko.
Tabernak eta txosnak
Ostalaritzaren sektorea laguntzeko eta, aldi berean, herritarrek jaiegun horietan atseden hartzeko duten eskubidea bermatzeko, Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko ostalaritzako saltokiek ohi baino ordu bat eta erdiz beranduago ixteko baimena edukiko dute uztailaren 28tik 31ra, abuztuaren 2etik 6ra eta abuztuaren 10tik 14ra, hurrenez hurren.
Txosnei dagokienez, saninazioetan 4 izango dira Telletxeko aparkalekuan, gehi jai batzordearena San Nikolas plazako frontoian, jaietako eszenatoki nagusiaren ondoan; Itzubaltzeta/Romon ere bost izango dira jai batzordearen zenbatuta, eta guztiak Santa Eugenia kaleko aparkalekuan egongo dira, jaietako agertoki nagusian; eta Portu Zaharrean beste sei izango dira jai-eremu nagusian, zabalgunean, alegia. Guztiak herriko elkarteek kudeatuko dituzte.
Txosnen ordutegiari dagokionez, eta tabernetakoen helburu beragaz, zuzeneko musika 03:00etan amaituko da bariku eta jai-bezperatan eta 01:30ean gainontzeko egunetan; musika, oro har, 05:00etan amaituko da bariku eta jai-bezperatan, 01:30ean jaietako azken egunean, eta 03:30ean gainontzeko egunetan. Txosnak musika kendu eta ordubetera itxiko dituzte, azken egunean izan ezik, horretan ixtea eta musikaren amaiera ordu berean izan beharko baita.
Su artifizialak Inazio Deunaren Egunean
Aurten suen kalibrea murriztu egingo da, “ikuskizun handiago lortzeko eta koreografiak egokitu ahal izateko”. Gainera, suak hiru tokitatik jaurtiko dituzte, batetik izan beharrean. Kalibrea murriztean (jaurtiketa gorago joango da baina konposizioan galduko da), publikoak suak Ereagako moilatik ikusi ahal izango ditu eta ez da aparkatzeko tokirik gordeko. Ereagako kaian zirkulazioa etengo dute Igeretxeko biribilgunetik Portu Zaharreraino, 22:45etik amaitu arte.